Urrestilla-Azpeitia bidegorriaren aldeko martxan parte hartzera deitu dute

Uztarria.eus 2016ko eka. 8a, 12:38

Ekainaren 18an, zapatua, Urrestilla eta Azpeitia arteko bidegorria egitea eskatzeko oinezko martxa antolatu du Zurrunbillue Urrestillako herri lantaldeak, eta bertan parte hartzeko deia eginez zabaldu dute bideo labur hau, martxak osatuko duen ibilbidea erakusten duena.

Izan ere, hasieran martxa Azpeititik Urrestillara egitekoa bazuten ere, azkenean alderantziz egingo dute, Urrestillatik Azpeitira eta, bide batez, egun horretan Azpeitian egingo den Ingurumena Herritik azokarekin bat egingo dute, "beste mugikortasun eredu baten alde". Horrela, Bidegorria orain! leloarekin egingo duten martxa goizeko 10:00etan abiatuko da Urrestillatik, 11:00ak aldera Azpeitiko plazara iristeko. Zapi edo niki gorriak soinean eramatea eskatu dute antolatzaileek.

Autobusa Azpeititik

Bidegorria egiteko eskaera Urrestillatik abiatu bada ere, antolatzaileek azpeitiarrak ere gonbidatu nahi dituzte martxan parte hartzera, azpiegitura hori denen mesederako litzatekeela ulertuta. Horretarako, autobusa izango dute Azpeititik Urrestillara joan nahi dutenek, 09.30ean, anbulatorio aurrean. 12:30ean, berriz, Urrestillara itzuli behar dutenek izango dute autobus zerbitzua. hura ere anbulatorio aurretik irtenda.