Urrestillarako bidegorria eskatzeko martxa egingo dute ekainaren 18an

Uztarria.eus 2016ko mai. 23a, 18:34

Azpeitiko plazatik abiatuko da, 11:00etan, eta Urrestillan bukatu. Bihar, asteartea, egitasmoaren antolaketaz hitz egiteko bilera egingo dute Urrestillako jubilatuen egoitzan, 21:00etan hasita.

Azpeitia eta Urrestilla artean "bidegorria edo oinezko lotura" eskatzeko martxa antolatu dute ekainaren 18rako. Aurreko agintaldiaren amaieran Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azpeitiko Udalak bidegorria egitea hitzartu eta lanak 2015aren bukaeran hasiko zirela esan ondoren, Aldundi berriak ez du proiektuarentzat dirurik jarri 2016rako, eta foru agintaldi honetan lanak hasteko asmorik ere ez dute agertu.

Urrestillan, ordea, aspalditik eskatutako azpiegitura lehenbailehen egitea nahi dute, premiazkoa dela iritzita. Aldundian irizpide aldaketa zetorrela ikusita, abendu amaieran bi egunetan 900 sinadura inguru jaso eta Diputazioan aurkeztu zituzten, idatzi batekin batera. Eskaera haren erantzunik ez dute jaso oraindik, baina bidegorriaren alde lanean jarraitzea erabaki dute.

Asteartean, bilera

Zurrunbillue herri lantaldeak deituta, bi batzar egin dituzte dagoeneko bidegorriaren gaia ardatz hartuta, eta horietan erabaki dute ekainaren 18an mobilizatzea. Egun horretan, 11:00etan abiatuko da martxa Azpeitiko plazatik, eta Urrestillakoan bukatuko da.

Martxa egin ahal izateko eskaera joan den astean erregistratu zuten Azpeitiko Udalean eta bihar, asteartea, beste bilera bat egingo dute Urrestillako jubilatuen egoitzan, 21:00etan, martxaren antolaketaz hitz egiteko. "Lantalde batzuk osatuta daude baina denon laguntza beharko da, ahalik eta jende gehienak parte hartzea nahi baita", adierazi dute antolatzaileek, bilerara agertzeko gonbita luzatuz.