Emusik jaialdia iritsi da Azpeitira

Uztarria.eus 2016ko mai. 6a, 21:38

Goizean Donostiako Illunben 8.500 lagun partaide zirela inauguratu ondoren, arratsaldean iritsi da Azpeitira Emusik, aurten Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren barruan egingo den Europako musika ikasleen jaialdia. 18:30ean hasita, Juan Antxieta Musika Eskolako abesbatzak anfitrioi lanak egin ditu, Finlandiatik etorritako beste ahots talde batekin eta Kataluniako musikari eta abeslariekin batera plazako oholtzan aritzeko.

Finlandiarrei eta kataluniarrei ongietorria egin, haiekin oroigarriak trukatu eta aurreskua eskaini ondoren, hiru eskoletako ikasleek elkarrekin abestu dute Europako ereserkia. Ondoren, talde bakoitza bakarka aritu da eszenatokian.

Gaurkoa Emusikek Azpeitian emango duenaren lehen atala izan da. Bihar goizean jarraipena izango du musika festak plazan (eguraldia txarra bada, Sanagustinen), 11:30etik aurrera. Finlandiako eta Hungariako musika ikasleak ariko dira zapatuko saioan azpeitiarrekin batera.