Europako musika ikasleen festa Azpeitira iritsiko da asteburuan

Uztarria.eus 2016ko mai. 3a, 20:24
Juan Antxietako ikasleak, Emusikerako entseatzen. (JUAN ANTXIETA MUSIKA ESKOLA)

Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren barruan egingo den Emusik jaialdira etorritako Finlandiako, Hungariako eta Kataluniako musikariek, Juan Antxieta Musika Eskolakoekin batera, hainbat emanaldi egingo dute ostiralean eta zapatuan herrian.

Europako Musika Eskolen XII. Jaialdia, Emusik, ospatuko da aste honetan Donostian eta Euskal Herriko eta Errioxako beste 59 herritan, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren egitarauaren barruan. 8.500 musika ikasleren topaleku izango den jaialdiaren emanaldi nagusia ostiral goizean, 11:00etan, egingo dute Donostiako Illunben, baina Azpeitian ere izango da zer ikusi eta zer entzun ostiral arratsaldean eta zapatu goizean.

Finlandiako koru batek eta Kataluniako orkestra eta abesbatza batek kontzertua eskainiko dute plazan ostiralean, 18:30ean; eguraldi txarra bada, Sanagustinen izango da emanaldia Zapatuan, berriz, 11:30ean hasita, Finlandiako gitarra taldea eta Hungariako bi talde, perkusiozkoa bat eta haizezkoa bestea, izango dira entzungai. Azpeitiko musika eskolako 100 ikasleez gain, Luis Alberdi Beltza-ren dantzariek ere parte hartuko dute ikuskizunean.

Jaialdi honetarako bereziki prestatu dituzten bi abesti interpretatuko dituzte, besteak beste, emanaldiotan: Europako ereserkia eta Musikatu bizitza izenekoa.

Azpeitiarrak Illunben

Ostiral goizean, esan bezala, Emusikeko parte-hartzaile guztiek bat egingo dute Illunben. Han izango dira Juan Antxieta Musika Eskoiakoak ere, 55 lagun guztira, ikasle eta irakasleen artean.

Bezperan, maiatzaren 5ean, Donostiako udaletxean harrera egingo diete Emusiken ariko diren musika eskola guztietako ordezkariei 19:00etan, eta hara ere joatekoak dira azpeitiarrak.