Udal Liburutegia osasuntsu, Liburuaren Egunaren atarian

Uztarria.eus 2016ko api. 21a, 20:06
Beatriz Aranbarri liburutegiko arduraduna eta Leire Goenaga Hezkuntza batzordeburua. (AZPEITIKO UDALA)

Apirilaren 23aren bueltan prestatu dituzten egitasmoetan murgilduta dabiltza egunotan herriko liburutegian. 2015ean 338 bazkidetza berri egin zituzten eta 2.336 dokumentu gehitu zizkioten funtsari; gaur egun, 38. 570 dokumentu baino gehiago aurki daitezke bertan.

Azpeitiko Udal Liburutegia "indartsu" eta "osasuntsu" dago, hala diote bertako eta Udaleko arduradunek. Zapatuan, apirilak 23, Liburuaren Nazioarteko Eguna izango da eta egun horretan bukatuko da, "liburutegia plazara" aterata, aurten antolatu duten egitarau zabala.

Baina urtean zehar ere asko dira Udal Liburutegiak antolatzen eta eskaintzen dituen egitasmoak. Liburutegiko funtsa, bazkideak, maileguak, erabiltzaileak... kopurutan guztiak goraka doaz eta "azken bost urteotako bilakaera oso positiboa izan da liburutegiarentzat". Horrela dio Leire Goenaga Udaleko Hezkuntza batzordeburuak: "Jendea liburuak, CDak, DVDak mailegutzan hartzera, antolatzen diren ekintzetara, ikastera, ordenagailua erabiltzera... etortzen da, eta oso positiboa da hori".

Datuak eman dituzte bilakaera positibo hori erakusteko. 2015. urtean, 2.336 dokumentu gehitu zitzaizkion liburutegiari; hala, gaur egun 38. 570 dokumentu baino gehiago aurki daitezke bertan. "Dokumentu asko ditugu eskura, eta etengabe hazten doa zifra, gainera. Erosten direnez eta erakundeek ematen dizkigutenez gain, herritarrek egindako dohaintzak ere jasotzen ditu liburutegiak. Hori egundoko altxorra da herriarentzat, eta noski, liburutegiarentzat. Herritarren eskuzabaltasunetik ere handitzen ari delako zerbitzu hau”, adierazi du Goenagak.

Erabiltzaileei dagokienez, gero eta gehiago dira horiek ere. Iaz, adibidez, 338 bazkide berri egin ziren liburutegian. Bazkideen ia %62 helduak dira, eta %38 haurrak.