Egitasmo ezberdinak antolatu dituzte Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira

Uztarria.eus 2016ko api. 19a, 14:47
Atzo, astelehena, izandako literatur solasaldiko irudia. (Azpeitiko Udal Liburutegia)

Gure seme-alabei ipuinak nola kontatu tailerra, irakurketa errazaren festa eta ipuin kontaketa antolatu dituzte, besteak beste. Zapatuan izango da Liburuaren Nazioarteko Eguna eta orduan liburutegia plazara aterako dute. 

Liburuaren Nazioarteko Eguna izango da zapatuan, apirilak 23, eta horren harira egitasmo ezberdinak antolatu dituzte larunbata bitarterako.

Atzo, astelehena, eman zioten hasiera prestatutako egitarauari, Iñaki Petxarromanen Kearen Fiordoa eleberriaren inguruko literatur solasaldiarekin. Hainbat herritar hurbildu ziren Udal Liburutegira Petxarromanen eleberrian sartu eta Islandian baleak arrantzatzera.

Gaur, asteartea, Gure seme-alabei ipuinak nola kontatu tailerra izango da Maite Frankoren eskutik, 16:30ean. Bihar, hilak 20, Irakurketa Errazaren Festa izango da 10:45ean liburutegian bertan. Goinetxe Fundazioko Irakurketa Errazeko kideak eta Biharko Eguneko Zentroko Irakurketa Errazako kideak, egun horretan Udal Liburutegian elkartuko dira elkarrekin irakurtzeko. Arratsalderako ipuinaren ordua antolatu dute eta ipuin kontaketa izango da H.H 4ko ikasleei zuzenduta, 18:00etan. Ostegunean, liburutegi zerbitzua eta eskulan tailerra izango dira Urrestillan, 17:30ean hasita. 

Zapatuan, Liburuaren Nazioarteko Egunean, liburutegia plazara aterako dute. Goiz osoan zehar egongo da plazan literaturaz gozatzeko aukera. Bestalde, Xalto pailazoaren emanaldia izango da udaletxe azpian, 11:30ean. Behin ikuskizuna amaituta, hainbat opariren banaketa egingo dute.