"Lasterketa baino gehiago" izango da XXIII. Azpeitia-Azkoitia maratoi erdia

Uztarria.eus 2016ko api. 5a, 17:23
Antolatzaileak, babesleak eta Diego Garciaren senitartekoak, aurtengo maratoi erdiaren kartelarekin.

Oraingoz 550 pertsona inguruk eman dute izena lasterketan. Apirilaren 14an bukatuko da 16ko maratoi erdirako, roller probarako eta lasterketa herrikoirako izen-emate epea. Lasterketaren egunaren inguruko xehetasunak azaldu dituzte, besteak beste, gaur egin duten agerraldian. 

Geroz eta gutxiago falta da XXIII. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdirako. Apirilaren 16an izango da aurtengoan Diego Garciaren oroimenezko lasterketa eta gaur, asteartea, egin dute probaren aurkezpen ofiziala. "Lasterketa baino gehiago" izango dela adierazi du Agustin Jimenezek, Xeye Atletismo Taldeko kideak eta Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiaren antolatzaileak, eta hori hala izatea posible egin duten guztiei eskerrak eman dizkie, Azpeitiko eta Azkoitiko udalei kasu. Horiez gain, eskerrak eman dizkie beste hainbat erakunde, enpresa, norbanako eta boluntariori eta adierazi du "laguntza txiki askori esker" dela posible lasterketa eguna aurrera ateratzea. Estitxu Elduaienek eta Angel Martinek hartu dute hitza Azpeitiko eta Azkoitiko udalen izenean hurrenez hurren, eta eskerrak eman dizkiete maratoi erdiaren antolatzaileei. Estitxu Elduaienek probaren "izaera transbertsala" azpimarratu du eta antolatzaileak zoriondu ditu, "egindako lan guztiagatik eta Diego Garciaren ametsa zen lasterketa egi bihurtzeagatik". 

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaz gain, 7,5 kilometroko lasterketa herrikoia eta roller lasterketa ere izango dira egun berean. Azken hori 16:40ean hasiko da eta lasterketa herrikoia, berriz, 16:45ean. Maratoi erdia 17:00etan hasiko da. Aurten, lehen aldiz, Diego Garciaren omenez egin ohi zuten isilunearen ordez, aurreskua dantzatuko dute Sahatsa Dantza Taldeko dantzari batzuk. Momentu "hunkigarria" izango dela adierazi du Agustin Jimenezek eta azaldu du Diego Garciak "oso atsegin" zuela euskal folklorea. "Euskal kultura ezagutzen ez duen jendeak hori ezagutzeko aukera" izango dela ere esan du.

Izen-emate epea zabalik

Maratoi erdian ez ezik, roller lasterketan nahiz lasterketa herrikoian izena emateko epea zabalik da oraindik. www.azkoitia-azpeitia.com webgunean edo Robers Kirolaken Azpeitiko eta Donostiako dendetan eman daiteke izena apirilaren 14ra arte. Momentuz, 550 lagun inguruk eman dute izena. Maratoi erdiaren kasuan, federatuek 21 euro ordaindu beharko dute izena ematea eta federatu gabeek, aldiz, 24 euro. Lasterketa herrikoian, korrikalariek 10 euro ordaindu beharko dituzte eta rollerrak 12 euro. Apirilaren 7tik aurrera prezioak garestituko dira: 6 euro maratoi erdiaren kasuan eta 5 euro lasterketa herrikoian nahiz roller lasterketan. Maratoi erdian 1.500 pertsonek har dezakete parte eta 500ek gainerako bi probetan.  

Nazioartetik etorritako korrikalariak

Maratoi erdian parte hartuko duten hainbat atleten izenak ere jakinarazi dituzte gaurko agerraldian. Aurten %10 jaitsi behar izan dute aurrekontua gastua handia zelako baina, hala ere, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian "punta-puntako" korrikalariak izango direla azaldu du Agustin Jimenezek.

Emmanuel Bett, Edwin Koech, David Maru Kwemoi, Justus Kangogo, Moses Kipkosgei Bowen, Beyecha Tariku Bekele, Abraham Kiptum eta Tom Mutie dira gizonezkoetan arituko diren korrikalari batzuk. Emakumeetan, berriz, Fatima Ayachi, Marion Jepkirui Limo eta Liu Dong izango dira.

Lasterketa egunerako zerbitzu ezberdinak

Azpeititik kanpoko korrikalariek Donostiatik, Bilbotik eta Gasteiztik autobus zerbitzua izango dute lasterketara etortzeko. Bilbotik eta Donostiatik 14:45ean abiatuko dira autobusak. Gasteiztik, aldiz, 14:30ean. Behin Azkoitira iritsitakoan, partaideak irteera puntutik gertu utziko dituzte. Itzulerarako, Loiola basilikaren aurrean jasoko dituzte korrikalariak, 20:00ak aldera. Autobuserako izena www.sportbus.es webgunean eman daiteke.

Bertako korrikalariak irteerara eramateko ere jarriko dituzte autobusak. Lehenengoa 14:30ean irtengo da Azpeitiko igerileku paretik eta hurrengoak Ikasberriko biribilgunearen paretik irtengo dira. Azkenengo autobusa 16:00etan irtengo da. 

Bestalde, dutxa eta aldagera zerbitzuak Azpeitiko igerilekuan egongo dira eta helmugan masaje zerbitzua egongo da.

Aurten ere helmuga gunean proba zuzenean ikusteko aukera izango da eta bertaratu ezin dutenek, internet bidez zuzenean ikusi ahal izango dute. Aldiz, 3 eta 10 urte bitarteko haurrentzat, ludoteka zerbitzua egongo da 15:30etik 20:30era, Azpeitiko Txiki-Txoko ludotekan. 

Azkoitia-Azpeitia kulturala

Lasterketatik harago joan dira aurtengoan Azpeitia-Azkoitia maratoi erdiko antolatzaileak. Izan ere, kirola ez ezik kultura eta festa ere izango dira probaren egunean nahiz aurreko eta ondorengo egunetan ere. Horren ildotik antolatu dute Azkoitia-Azpeitia egitarau kulturala. Martxoaren 19an eman zioten hasiera prestatutako egitarauari Azpeitiko Udal Musika Bandak eskainitako monumentuen bira musikaruarekin, eta apirilaren 24ra arte luzatuko dute. Hemen, egitaraua osorik. 

Biharko, hilak 9, lasterketako upategi ofizialaren eskutik ardo eta pintxo dastaketa antolatu dute Juantxo Txiki tabernan. Zapatuan, aldiz, erakusketa izango da Azpeitiko Argazki Elkartearen eta Mikel Sanjuan tailugilearen eskutik, 11:00etatik aurrera Azkoitiko Torre Zuri aretoan. Puro Fiz dokumentala ere eskainiko dute Baztartxo Antzokian, 12:00etan hasita.