Azkoitia-Azpeitia lasterketak kirola, kultura eta festa uztartuko ditu aurten

Uztarria.eus 2016ko mar. 18a, 19:21
Azkoitia-Azpeitia kulturalaren antolatzaileak eta babesleak, Sanagustinen egindako aurkezpenean.

Maratoi erdiaren antolatzaileek egitarau zabala prestatu dute, bi herrietako kultur taldeekin, tabernariekin eta erakundeekin elkarlanean. Azkoitia-Azpeitia Kulturala egitasmoa bihar, martxoak 19, Azpeitian estreinatuko dute, Udal Musika Bandaren monumentuen bira musikatuarekin.

Apirilaren 16an jokatuko da aurtengo Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia, baina egun hori iritsi bitartean ere emango du zeresana Diego Garcia zenaren omenezko lasterketak. Maratoi erdiaren antolatzaileek azken urteetan buruan zebilkiten "apustu" bati eutsi, eta kirol ekitaldiaren bueltan kultura, gastronomia eta festa uztartuko dituen egitaraua prestatu dute.

Atzo, osteguna, aurkeztu zuten Sanagustin kulturgunean Azkoitia-Azpeitia Kulturala egitasmoa. Bi herrietako udalen babesarekin, Azkoitiko eta Azpeitiko kultur taldeekin, tabernariekin eta erakundeekin elkarlanean osatutako eskaintza aurkeztu zuen Agustin Jimenez antolakuntzako kideak, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak eta Sonia Vazquez Azkoitiko Udaleko Kultura zinegotziak lagunduta. Palmaresa edota parte-hartzea kontuan hartuta, Azkoitia-Azpeitia lasterketa "Europako onenetakoa" dela gogoratu zuen Jimenezek. Baliabide ekonomikoei dagokienez, ordea, askoz xumeagoa da maratoi erdia, eta horregatik saiatzen dira bestelako edukiekin osatzen eta aberasten. "Azkoitiak eta Azpeitiak badute aberastasun kulturala bat, eta hori erakutsi nahi dugu", nabarmendu zuen antolatzaileak. Era berean, udalen prestutasuna eskertu zuen eta, nola ez, egitaraua elkarlanean osatzea posible egin duten talde eta elkarte guztiena.

Egitaraua

Bihar hasi eta apirilaren 24a arte luzatuko da Azkoitia-Azpeitia Kulturala, eta bi herrietan izango ditu hitzorduak. Hau da egitarau osoa:

Bihar, martxoak 19

11:30. Udal Musika Bandarekin bira, Alde Zaharreko monumentuak ardatz hartuta.

Martxoaren 29tik apirilaren 18ra

  • Azpeitiko Argazki Elkartearen argazki erakusketa, Sanagustin kulturgunean. Azkoitia-Azpeitia lasterketako lehen urteetako (1996etik aurrerakoak) eta oraingo 30 argazki inguru ikusgai izango dira.
  • Felix Sanchezen argazki erakusketa, Juantxo Txiki eta ISB tabernetan. Maratoi erdiko azken sei urteetako argazki bilduma jarriko du ikusgai argazkilari oñatiarrak.

Apirilak 6

Lasterketako upategi ofizialaren eskutik, ardo eta pintxo dastaketa Juantxo Txiki tabernan. Bosna pintxo eta ardo hartzeko aukera izango dute joaten direnek, hamar euroren truke. Mugatua da lekua eta 40 txartel jarriko dituzte salgai, tabernan bertan, 10 euroren truke.

Apirilak 9

  • Azpeitiko Argazki Elkartearen eta Mikel San Juan tailugile azpeitiarraren erakusketa Azkoitiko Torre Zuri aretoan. Martin Fíz eta Alberto Juzdadok irekiko dute erakusketa.
  • Puro Fiz dokumentalaren emanaldia Azkoitiko Baztartxo antzokian. Bertan izango dira Martin Fiz eta Rodrigo Moro, filmaren zuzendaria. Dokumentala amaitzean, mahai-ingurua egingo dute Martin Fiz, Alberto Juzdado, Santi Perez eta Ramon Ciden partaidetzarekin. Moderatzailea Maria Jesus Silvano izango da.

Apirilak 14

11:00. Diego Garciari buruzko emanaldia eta eliteko atletekin solasaldia, Azkoitiko Elkargunean, herriko gazteei zuzenduta.

Apirilak 15.

11:00. Diego Garciari buruzko emanaldia eta eliteko atletekin solasaldia, Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean, herriko gazteei zuzenduta.

Apirilak 16, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia. (Egitaraua guztiz itxi gabe dago)

  • AZTE-ren eskutik, Azpeitiko Alde Zaharreko tabernetako pintxo lehiaketa.
  • Urola Gustagarri Running & Festa pintxo dastaketa. Azkoitiko eta Azpeitiko zenbait tabernetan pintxo lehiaketa egingo dute. Taberna guztiekin, mapa bat egingo dute.
  • Lasterketa garaian, animazioa, txalaparta, Urolatarra txaranaga, trikitilariak eta talde gehiago izango dira, han eta hemen.
  • AZTE tabernari elkarteak antolatuta, Hesian taldearekin eta baieztatzeko dagoen beste talde batekin kontzertua, plazan.

Apirilak 24

12:30. Azkoitiko Musika Bandaren eskutik kontzertu berezia, Balda plazan. Jose Miguel Laskurain eibartarra izango da zuzendari gonbidatua.