Inaziotar Bideko udalerrien arteko sarea eratu dute bidea indartzeko helburuarekin

Uztarria.eus 2016ko mar. 4a, 10:45

Gipuzkoan eta Araban Inaziotar Bidea igarotzen den udalerrietako alkateek eta Basquetourrek osatzen dute sarea. Zuzendaritza batzordea, aldiz, Azpeitia, Zumarraga, Legazpi, Laguardia, Zalduondo eta Kanpezuk osatzen dute. Ardura nagusia hartzeko konpromisoa hartu du Azpeitiko Udalak.

Atzo, osteguna, izan zen Inaziotar Bideko udalerrien arteko lehen topaketa. Bertan izan ziren, besteak beste, Gipuzkoan eta Araban Inaziotar Bidea igarotzen den herrietako alkateak,  Basquetour Euskal Turismoaren Agentziako Zuzendari Arantza Madariaga eta Manresako (Katalunia) alkatea Valenti Junyent. 

Azpeitian hasi eta Manresan amaitzen den Inaziotar Bidea "turismo kulturalean eta erromesaldien artean nazioarteko erreferentzia bihurtzeko" sortu zen Azpeitiko Udalaten hitzetan. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearen esanetan "zeharkatzen dituen udalerri eta eskualdeen garapen ekonomiko eta sozialean eragin zuzena izateko potentziala du" Inaziotar Bideak, "bisitarien joan-etorriak eragiten duen jarduera turistikoari esker".

Atzoko bileraren helburua udalerrien arteko sarea sortzea zen "bakoitzak dituen arazo, aukera eta erronkak partekatzeko", eta hala egin zuten. Inaziotar Bideko udalerrien arteko sarea osatzeaz gain, zuzendaritza batzordea ere eratu zuten. Azpeitia, Zumarraga, Legazpi, Laguardia, Zalduondo eta Kanpezuko alkateek osatzen dute zuzendaritza batzordea eta ardura nagusia hartzeko konpromisoa hartu zuen Azpeitiko Udalak. Behin sarea osatuta, "elkarlanean arituz gero hainbat eremutan erraztasunak" izango dituztela azaldu zuten Azpeitiko Udaleko ordezkariek, diru laguntzak lortzerako orduan, esaterako. 

Manresa "erreferente"

Herrialde Katalanetan sortu dute dagoeneko Kataluniako Inaziotar Bideko Udalerrien Sarea eta hori "erreferentzia moduan interesgarria" dela uste dute Azpeitiko Udaleko arduradunek. Horren karitik, Manresako alkate Valenti Junyentek ere parte hartu zuen atzo, osteguna, egindako topaketetan.

Orain arte egindako lana adibide hartuta, euren esperientziak partekatu zituen Junyentek Inaziotar Bideko Gipuzkoa eta Arabako udalerrietako alkateekin. Junyentek "eskerrak" eman zizkion Eneko Etxeberria alkateari topaketetan parte hartzeko aukera emateagatik. "Bilera aberasgarria eta interesgarria izan da oso, elkarren esperientziak partekatu ditugu eta aurrera begira ere jarri gara, etorkizuna duen proiektua baita hau", adierazi zuen Manresako alkateak. Beraien esperientziatik abiatuta,"udalerriak elkartzeak onura asko izan ditzake. Bai Europatik laguntza ekonomikoak jasotzeko nahiz bidearen sustapenerako eta dinamizaziorako ekintzak adostu eta abian jartzeko", azaldu duen Junyentek. Horrez gain, azpimarratu zuen "proiektua ezin da ulertu udalerri guztien inplikaziorik gabe".

Eneko Etxeberriak, bere partetik, atzoko bilera "benetan aberasgarria" izan zela adierazi zuen eta eskerrak eman zizkion Manresako Alkate Valenti Junyenteri, "honaino etorri eta esperientziak partekatzeagatik".

Iazko uztailean Azpeitiko Udalak eta Manresako Udalak lankidetza hitzarmena sinatu zuten, Inaziotar Bidea sustatzeko asmoz.