Azpeitiak eta Manresak lankidetza hitzarmena sinatu dute, Inaziotar Bidea sustatzeko asmoz

Uztarria.eus 2015ko uzt. 15a, 15:44
Joan Calmet Manresako Turismo zinegotzia eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea.

Sinatze ekitaldian izan dira Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Joan Calmet Manresako Udaleko Turismo zinegotzia. Biek ala biek Inaziotar Bideak duen "garrantzia" azpimarratu dute, eta azaldu dute bi udalek elkarlanean jardungo dutela horretarako.

Azpeitiko eta Manresako (Bartzelona, Katalunia) udalek lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur, asteazkena, Inaziotar Bidea sustatzeko helburuarekin. Sinatze ekitaldian izan dira Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Joan Calmet Manresako Udaleko Turismo zinegotzia. Bi herrietako ordezkariek azaldu dutenez, "errekurtso turistikoak, kulturalak, historikoak eta ekonomikoak aztertzen jarraituko dugu, Inaziotar Bidea bultzatzeko helburuarekin". Biek ala biek Inaziotar Bideak duen "garrantzia" azpimarratu dute, eta azaldu dute bi udalek elkarlanean jardungo dutela horretarako.

Eneko Etxeberriak azaldu duenez, "bi herrien elkarlan markoa indartu nahi dugu, Inaziotar Bidea Azpeitian hasi eta Manresan bukatzen delako". Horrez gain azaldu du bidea "aukera" dela "herriko ekonomia indartzeko": "Azpeitiko Udalaren helburua ekonomia sustatzea, eta hitzetatik ekintzetara pasatu gara". "Historia erabilita turismoa indartu daiteke, eta etorkizunera begira indarra egingo dugu, apustua estrategikoa delako", azaldu du Azpeitiko alkateak. 

Manresako Turismo zinegotzi Joan Calmetek ere hartu du hitza, eta uztailaren 31n hasiko den I. Jubileu Urteari aipamena egin dio aurrena. Calmetek azaldu duenez, "Inaziotar Bidearen moduko bestelako bideen ereduak izan ditugu, eta inpaktu ekonomiko handia eragin dute. Beraz, lanean gogor jarraituko dugu Azpeitian eta Manresan ere inpaktu ekonomikoa eragin dezan Inaziotar Bideak". Horren gain, adierazi du, "elkarlanean" jarraituko dutela, "horrek emaitza onak ekartzen dituela sinesten dugulako". Hori dela-eta, Inaziotar Bidea ezagutarazteko konpromisoa hartu du, eta "aukera garrantzitsua" dela azpimarratu du: "Merezi du proiektu honetan lan egiteak, gai izanez gero, mereziko duelako tren honetara igotzeak".