'Mommy' eta 'Ospea 20 pausora' filmak ikusgai gaurtik astelehenera bitartean Soreasun

Uztarria.eus 2015ko aza. 12a, 12:55

Paradisu Zinema zine klubak antolatuta, Mommy filma izango da ikusgai gaur, osteguna, 21:30etik aurrera, Soreasu antzokian. 2014an Kanadan egindako filma da Mommy. Xavier Dolan zinegileak zuzendutako pelikula drama generokoa da. Filma ikusteko sarrera lau euro ordaindu beharko da, baina zine klub berriak urteko bonoa ere kaleratu du; 30 euro ordaindu beharko da bonoa, eta hamaika film ikusi ahal izango dira. Gainera, Mendi Tour eta Azpeiti Creative Commons jaialdiak erdi prezioan ikusi ahal izango dituzte bonoa eskuratzen dutenek.

Bestalde, Ospea 20 pausora filma eskainiko dute igandean eta astelehenean. Film hau Soreasu antzokian azken asteetan eskaintzen ari diren musika ardatz duten dokumental zikloko azkena izango da. Igandeko emanaldia 20:30ean izango da eta 21:30ean, berriz, astelehenekoa. Morgan Nevillek zuzendutako film dokumentala 2015ean AEBtan egindakoa da. Sarrera 4,5 euro ordaindu beharko da, eta astelehenean, berriz, ikusleen eguna izanik, 3,5 euro.