"Hunkitzeko eginiko film dokumentalak" azaroaren lehenengo hiru asteetarako

Uztarria.eus 2015ko urr. 27a, 19:12
Hau da musika ardatz duten dokumentalekin osatu duten kartela.

Musika ardatz duten dokumental itxurako hiru film eskainiko dituzte datorren hilean, Soreasun: Amy (Britainia Handia, 2015), Searching for Sugar Man (Suedia, 2012) eta A 20 pasos de la fama (AEB, 2013).

Aurten ere azaroa antzerkiaren hilabetea izango da Azpeitian, Euskal Antzerki Topaketen eskutik. Hori dela eta, azaroko lehenengo hiru asteetan ez da ohiko zine emanaldirik izango Soreasu antzokian. Zinema eskaintza, ordea, ez da faltako datorren hilean Soreasun. Hain zuzen ere, musika ardatz duten hiru film dokumental hartu eta ziklo txiki berezi bat prestatu dute Soreasu kudeatzen duten Sanagustin kulturguneko lagunek.

"Hunkitzeko eginiko film dokumentalak" esaldiarekin aurkeztu dute azarorako zine programazio berezia. Honakoak dira emango dituzten pelikulak: Amy (Asif Kapadia. Britainia Handia, 2015), Searching for Sugar Man (Malik Bendjelloul. Suedia, 2012) eta A 20 pasos de la fama (Morgan Neville. AEB, 2013).

Film bakoitzaren bi emanaldi egingo dituzte, igandez eta astelehenez:

  • Amy: Azaroak 1 (20:30) eta azaroak 2 (21:30)
  • Searching for Sugar Man: Azaroak 8 (20:30) eta azaroak 9 (21:30)
  • A 20 pasos de la fama: Azaroak 15 (20:30) eta azaroak 16 (21:30)

Hiru aste horien ostean ohiko zine emanaldiak itzuliko dira Soreasu antzokira.

Hainbat sari jasotako filmak

"Hiru pelikulek komunean gauza bat daukate: kalitatea", adierazi dute antolatzaileek. Soreasun ikusgai izango diren hiru filmek jaso dituzte hainbat sari. Amy-k bi lortu ditu, horietako bat Hollywood Film Awards sarietako dokumentalik onenarena, beste bost izendapenez gain. Searching for Sugar Man-ek 40 sari eskuratu ditu, horien artean dokumentalik onenarena Oscar eta BAFIA sarietan, baita beste 29 izendapen ere. A 20 pasos de la fama-k, bere aldetik, 20 sari lortu ditu, horrek ere Oscar eta BAFIA sarietan dokumentalik onenarena eta, horretaz gain, 23 izendapen.