Zabalik da urritasunen bat duten pertsonek kudeatutako supermerkatua

Uztarria.eus 2015ko urr. 15a, 13:54

Atzo, asteazkena, inauguratu zuten urritasunen bat duten pertsonek kudeatuko duten Euskal Herriko eta espainiar estatuko lehen supermerkatua. Eroskik eta Gureak taldeek elkarlanean jarri dute saltokia, Bustinzuriko Errebalean, eta atzo inauguratu ostean, martxan da gaur goizetik. "Urduri, baina pozik" hasi dira gaur beharginak lanean, Izaskun Zinkunegi dendako arduradunak jakinarazi duenez. 09:00etarako bezeroak zain zituzten atearen ondoan. Saltoki berria urritasunen bat duten hamar pertsonako talde batek kudeatuko dute.

Atzoko inaugurazio ekitaldian izan ziren Eroski eta Gureak enpresetako ordezkari Enrique Martinez eta Iñaki Alkorta hurrenez hurren, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko Partaidetza eta Komunikazio diputatua, Angel Toña Lan eta Gizarte Politikako sailburua, eta supermerkatuko langileak nahiz saltokiaren arduradun Izaskun Zinkunegi. Denek hartu zuten hitza eta proiektu berria "ilusioz" hasi dutela jakinarazi zuten guztiek. Trikitilariak ere izan ziren giroa alaitzen atzoko ekitaldian, eta gaur goizetik jende ugari dabil saltokian, erosketak egiten.

Azpeitian bertan bada Gureak taldearen bidez urritasuna duten langileek kudeatutako beste negozio bat, Lasaoko gasolindegia.

Hemen, atzoko inaugurazioko eta gaurko irudien bilduma.