Urritasunetik, lanean

Urola Kostako Hitza 2013ko urt. 10a, 18:18

Arantxa Atxurra, Guregasen Lasaoko gasolindegian lanean. (ONINTZA LETE ARRIETA)

Gureak Taldearen Guregas enpresa hasi da kudeatzen Azpeitiko Lasaoko gasolindegia, eta urritasun psikikoa edo fisikoa duten hamasei langilek eskaintzen dute zerbitzua

Zoriontsu dirudi Arantxa Atxurrak. Eta bere buruaz harro dagoela nabari daiteke. Urritasun psikikoa du, eta urte askotako eguneroko borrokaren ondorioz, bere buruaren jabe da gaur egun. Autonomoa zeharo. Gidabaimena atera zuen, lana lortu urritasuna duten pertsonen aldeko Gureak Taldean, eta orain hilabete batzuetatik, bakarrik bizi da, Azpeitian.

Gureak Taldearen barruko Guregas enpresarentzat hasi da lanean Atxurra, Lasaoko gasolindegian. Hilabete darama han, urritasun psikikoa edo fisikoa duten beste 15 lankiderekin batera. Eta pozik da oso. Krisi garaian lana lortzea zaila bada, urritasuna duen pertsona batentzat are zailagoa delako. Baina berak lana behar du bizitzeko: "Diru-laguntza bat jasotzeko %65eko elbarritasuna beharko nuke, eta ez naiz iristen". Gasolindegiko pistan egiten du lan, erregaia jartzen. Garbiketa lanak eta beste hainbat zeregin ere egiten du. Bost urte darama Gureak Taldean lanean: Azkoitiko tailerrean ibili zen aurrena, 13 hilabetez. "Autoentzako kableak egiten nituen han". Handik Zumaiara bidali zuten, "Otezuri egoitzan garbitzaile lanak egitera". Ia lau urte egin ditu han. Eta Azpeiti aldera joan da orain.

Atxurrak 44 urte ditu, eta oztopo bat baino gehiago gainditu behar izan du dagoen lekura iristeko. "Beti egin nahi izan dut lan, baina etxean ez zuten nahi; amak asko babestu izan nau beti. Lan bila udaletxera jo nuenean ere, ez zidaten askorik lagundu". Ateak jotzen jarraitu zuen, ordea, eta bere kabuz aurrera egiten; gidabaimena ateraz eta KZgunearen bitartez informatikari helduz, esaterako. "Ahizpak beti lagundu eta bultzatu izan nau lan egitera eta neure buruaren jabe izatera, eta orain etxean ere gustura daude". Izan ere, familientzat ere ez da erraza urritasuna duten seme alabei hegan egiten uztea. "Gurasoek adin handia dute, eta nik buruari buelta asko ematen nizkion neure etorkizunari buruz. Amak esaten zidan eurek aurreztuko zutela nik bizi ahal izateko, baina zenbat aurreztu behar dute, bada? Arropak denbora asko irauten du, aterpea ere eduki dezaket, baina jana eta bestelako gastuetarako, zer?".

Atxurraren lankide batek miresmenez hitz egiten du Azpeitiko bizilagunaz: "Izugarria da Arantxak lortu duena". Ez du bere daturik eman nahi. Gizonezkoa da, eta urritasun fisikoa du; entzumen galera du. Orain arte kamioilaria zen, baina lanik gabe gelditu eta Gureak-en izena ematea erabaki zuen. "Ez nuen lanik aurkitzen enpresa normaletan, eta lan bila jo nuen taldera", dio. Hainbat ikastaro egin behar izan dute gasolindegian lanean hasi aurretik, eta bere egitekoa "urritasun psikikoa duten lankideei laguntzea" dela azaldu du. Lanarekin gustura dago, eta soldatarekin ere ez du kexarik. "Gipuzkoako sektoreko hitzarmenak dioena kobratzen dugu, errespetatu egiten dute hori".

Gureak-en lan egiteaz harro

Gureak Taldean lan egiteak "inongo lotsarik ez" dio eragiten Atxurraren lankideari, eta azken urteetan gizartean aldaketa nabaritu du, hoberakoa. "Orain arte jendeak irudi txarra zuela uste dut. Gutxi kobratzen zela uste zuen, urritasun psikikoa duten pertsonekin lan egiteak lotsa ematen zion. Azken urteetan asko aldatu da hori. Orain denek nahi dute talde honetan lan egin; krisiak ere eragiten du horretan".

Gasolindegiko dendan kobraketa lanak egiten ditu Ainhoa Soro Zumaiako bizilagunak. Eskuan lesio bat du, eta urritasun fisiko horregatik urteak daramatza Gureak barruan lanean. Hark ere ez du inolako lotsarik sentitzen, ez da gutxiago sentitzen urritasuna duten pertsonen enpresa batean aritzeagatik. "Klinika batean egiten nuen lan, eskuan min hartu nuenean. Lan egin ezinik gelditu nintzen, eta mundua gainera etorri zitzaidan. Lan egin nahi nuen, berdin zitzaidan non". Hiru urtetan hainbat lanpostu izan du Gureak-en barruan: Zumaiako Otezuri egoitzako garbitegi zerbitzuan; telemarketinean; eta gida bezala Realaren museoan.

Sorok 37 urte ditu, bananduta dago eta zazpi urteko haurra du. Horregatik, gustura hasi da gasolindegiko zereginean. "Oso giro ona dago gure artean, eta ohituta nago, gainera, urritasun psikikoa duten pertsonekin lan egiten; sentsibilitate handia dut gai honekiko, eta niretzat atsegina da haiekin lan egitea".

Pazientzia ere beharrezkoa izaten dela aitortu dute hiru lankideek. Urritasun fisikoa dutenek psikikoa dutenekin, baina psikikoa dutenek ere behar izaten dute ezaugarri horretatik dosi pixka bat. Hala uste du Atxurrak: "Bezeroek ondo hartu gaituzte, baina batzuekin pazientzia behar izaten da. Beste batzuek gurekin beharko dute, berriz", dio umoretsu. "Ni bezero izatetik zerbitzari izatera igaro naiz, eta gauza askotaz jabetzen naiz horregatik. Ikuspegia aldatu egiten da alde batean edo bestean egon".

Kontuak kontu, horretan baino gehiago aldatu da Azpeitiko bizilagunaren bizitza: "Bakarrik bizi naiz orain zazpi hilabetetik, nire egungo bizitzak ez du zerikusirik orain urte batzuetakoarekin", dioirribarretsu.

Lana, etxetik gertu

Atxurraren bizitzak onera egin du. Beste batzuenak, okerrera. Izan ere, gasolindegia beste enpresa batek kudeatzen zuen lehen, eta hango langileak kalean gelditu ziren ia egun batetik bestera. Bi hilabetez egon da itxita gasolindegia, eta zerbitzu gehiagorekin zabaldu zuten orain hilabete. Izan ere, garbiketa tunela eta jatetxea ditu Guregasek kudeatzen duen gasolindegiak.

Gureak Taldetik azaldu dutenez, helburua urritasuna duten pertsonak lanean integratzea da, baita haiek bizitokietatik gertu lan egitea ere. Horregatik, gasolindegiko hamasei langileetatik gehienak Urola Kostakoak dira. Taldearen ustez gasolindegiak langileentzat badu beste alderdi on bat ere: "Aipatzekoa da lan mota honek urritasunen bat duten pertsonei publikoarekin harremanetan lan egiteko ematen dien aukera ezinhobea, haien lana aitortu eta gizartearen sentsibilizazioan laguntzen baitu".

Jesus Mari Arratibel da Lasaoko gasolindegiko arduraduna. Azkoitiko bizilagunak hamar urte darama Gureak Taldean lanean, eta gasolindegiko lehen hilabetea izan du hizpide. Guregasek "Gureak-en filosofia bera" duela azaldu du. "Urritasun psikikoa duten pertsonek dute lehentasuna. Haiekin eta haientzat egiten dugu lana". Dena dela, urritasun psikikoak dituzten pertsonek ezin dute kobraketa lanik egin, eta horregatik eta haiek laguntzeko, urritasun fisikoa duten langileak ere ari dira gasolindegian lanean.

Lehen hilabetearen balorazio ona egin du Arratibelek, bezeroen harrerari dagokionez, behintzat. "Herritarrek ezagutzen dute Gureak, eta alde horretatik ondo erantzun du jendeak. Azkoitian bertan 100 pertsonek egiten dute lan gure tailerrean, eta Gipuzkoan zazpi gasolindegi kudeatzen ditugu. Herritarrek ezagutzen gaituzte jada".