Irailaren 26an Hazparnera joan nahi dutenek udaletxean eman dezakete izena

Uztarria.eus 2015ko ira. 15a, 18:32
Hitza Hats jaialdiaren kartela.

Hitza Hats jaialdira joateko autobusa doan izango da, eta joan-etorriko ordutegia izena ematen duen jendearen arabera jarriko da. Jaialdiaren barruan egingo den herri bazkarian jan nahi dutenek ere udaletxean eman beharko dute izena.

Joan den astean iragarri zuen Udalak Hazparnen ospatuko den Hitza Hats jaialdira joan nahi duten azpeitiarrentzat doako autobusak jarriko zituela, eta gaur ireki dute izena emateko epea.

Irailaren 25ean eta 26an izango da Hitza Hats jaialdia Azpeitiarekin senidetutako Lapurdiko herrian. Irailaren 26a da jaialdiaren egun nagusia, eta egun horretarako antolatu ditu doako autobusak Udalak. Joan nahi dutenek udaletxean eman behar dute izena; joan-etorriko ordutegia izena ematen duen jendearen arabera jarriko da.

Jaialdi horren barruan herri bazkaria izango da Hazparnen, bertako produktu ekologikoekin prestatutakoa, eta han jan nahi dutenek ere udaletxean eman beharko dute izena. Bazkaria 20 euro ordaindu behar da.

Hazparnera joateko izena emateko epea irailaren 22an bukatuko da, 14:00etan.