Hazparnen egingo den Hitza Hats jaialdira bertaratzeko deia egin du Udalak

Uztarria.eus 2015ko ira. 10a, 16:51
Estitxu Elduaien eta Aitor Bereziartua zinegotziak.

Irailaren 25ean eta 26an izango da hizkuntza eta kultura uztartuko dituen Hitza Hats jaialdia Hazparnen, eta Udalak doako autobusak jarriko ditu bertaratzeko. Gainera, Azpeitiko hainbat eragilek eta taldek hartuko du parte jaialdi horretan. Azpeitia eta Hazparne senidetuta daude 1987tik.

Iraileko azken asteburuan Hitza Hats jaialdia ospatuko dute Hazparnen, eta Azpeitiko Udal ordezkariek bertaratzeko deia egin dute. Irailaren 25ean eta 26an kultur ekitaldi ugari izango da Hazparnen, jaialdiaren baitan, eta Azpeitiko hainbat taldek ere hartuko du parte bertan. Gaztetxeak eta Itsasi dantza taldeak, besteak beste.

Estitxu Elduaienek azaldu duenez, "Hazparnen eta inguruetan euskara eta euskal kultura sustatzea da Hitza Hatsen helburua, eta baita Azpeitiaren eta Hazparneren arteko senidetza indartzea ere". Izan ere, hemendik bi urtera 30 urte beteko dira Azpeitia eta Hazparne senidetu zirenetik, eta harreman hori "indartu eta elkarlana sendotu" nahi dituela azaldu du Elduaienek.

Udal ordezkariek azaldu dutenez, Azpeitiko Udalak jaialdiaren bi helburu horiekin bat egiten du, eta azpeitiarrei dei egin diete jaialdira bertaratu daitezen. Hilaren 26an Hazparnera joateko doako autobusak antolatu ditu Udalak, baina oraindik ez du jakinarazi noiz eta non eman beharko den joan-etorria autobusez egiteko izena.

Horrez gain, aurreratu dute datozen asteetan herriko eragileekin-eta lan talde bat osatuko duela Udalak, Hazparneren eta Azpeitiaren arteko harremanak sendotzeko eta indartzeko.

Hemen, bi eguneko egitarauaren kartela: