'Loreak' filma Oscarretan Espainia ordezkatzeko lehen hautatuen artean

Uztarria.eus 2015ko ira. 8a, 13:00
Nagore Aranburu 'Loreak' filmeko irudi batean.

Zinema Akademiak 'Loreak', 'Magical Girl' eta 'Felices 140' filmak aukeratu ditu Oscarretan Espainia ordezkatzeko hautagai moduan. 2014ko irailean estreinatu zuten Irusoin ekoiztetxeak egindako filma, eta bertan parte hartu zuen, besteak beste, Nagore Aranburu azpeitiar aktoreak. 

Zinema Akademiak gaur, asteartea, jakinarazi ditu zeintzuk diren Oscarretara Espainia ordezkatzeko aurkeztuko dituen hiru film finalistak. Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako Loreak, Donostiako Zinemaldiko iazko Urrezko Maskorraren irabazle Magical Girl eta Gracia Querejetaren Felices 140 dira hiru hautagaiak. Hiru horietako pelikula bat izango da Espainiako Akademiaren ordezkaria 2016ko Oscarretan.

2014ko irailean aurkeztu zuten Irusoin ekoiztetxeak egindako Loreak filma, eta bertan parte hartu zuen, besteak beste, Nagore Aranburu azpeitiar aktoreak. Loreak filma Goya saria eskuratzeko bost filmen arteko leihan izan zen, eta filmeko hiru emakume protagonistek, tartean Nagore Aranburuk, aktore onenen saria jaso zuten Tokioko Latin Beat jaialdian.