'Loreak' film onenaren Goya saria irabazteko lehian da

Uztarria.eus 2015ko urt. 8a, 11:04
Nagore Aranburu azpeitiarra da filmeko protagonistetako bat.

Joan den irailean estreinatu zuten Irusoin ekoiztetxeak egindako filma, eta bertan parte hartu du, besteak beste, Nagore Aranburu azpeitiar aktoreak. Film onenaren Goya sariaren hautagaia ez ezik, musikarik onenaren sarirako ere hautatu dute Loreak.

Loreak euskarazko filma da pelikula onenaren Goya saria eskuratzeko lehian diren bost hautagaietako bat. Joan den irailean estreinatu zuten Irusoin ekoiztetxeak egindako filma, eta bertan parte hartu du, besteak beste, Nagore Aranburu azpeitiar aktoreak.

Loreak filmarekin batera, hauek dira Goya sarietarako hautagaiak: El niño, La isla minima, Relatos salvajes eta Magical girl. Pelikula onenaren saria irabazteko aukerak edukitzeaz gain, Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño zuzendutako lanak musika onenaren izendapena ere lor dezake. Hauek dira musikarik onenaren saria eskuratzeko hautatu dituzten filmak: Loreak, El niño, La isla minima eta Relatos salvajes.

Urtarrilaren 19an, San Sebastian bezperan, egingo dute Goya sarien ekitaldia. Sariak, ordea, otsailaren 7an banatuko dituzte Madrilen (Espainia).

Baloratutako filma

Espainiako zinema sarietarako ez ezik, beste jaialdi batzuetarako ere aintzat hartu dute Loreak filma, eta baita bertako aktoreen lana ere. Hala nola, filmeko hiru emakume protagonistek, tartean Nagore Aranburuk, aktore onenen saria jaso zuten Tokioko Latin Beat jaialdian. Donostiako Zinemaldiko sail nagusian ere izan zen lana eta kritika onak jaso ditu azken hilabeteetan. Urrian eman zuten filma lehen aldiz zinema aretoetan, eta munduko bost kontinenteetan izan da ikusgai.