Corrugadoseko epaiaren aurrean, "erabakitasunez eta irmotasunez" jokatzeko eskatu diete ELAk eta LABek erakundeei

Uztarria.eus 2015ko uzt. 28a, 12:48

Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio Gallardo Balboa taldeari, eta babestu egin du Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasaoko langileak kalera botatzeko erabakia. Epaiaren aurrean, "desadostasun irmoena" agertu dute ELA eta LAB sindikatuek.

Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio Gallardo Balboa taldeari, eta babestu egin du Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasaoko langileak kalera botatzeko erabakia. Epaiaren aurrean, "desadostasun irmoena" agertu dute ELA eta LAB sindikatuek, eta bi lantegien "bideragarritasun plana" aldarrikatu dute. Epaiak "azken neurri koletiboen kontsulta epean gertatutakoa eta benetako errealitatea" ez dituela kontuan hartzen azaldu dute bi sindikatuek: "Hau egun posible da, langileak babesik gabe uzteko helburuaz, Espainiak aurrera eraman dituen lan erreformei esker. Erreforma horiek, epai hori bezelakoak eman daitezen ahalbidetzen dute, esparru arrotzetan hartzen dire eta gure industria sarean eragiten duten erabaki bidegabeak".

ELAk eta LABek dei egin diete erakundeei, "Azpeitiko bi lantegiak ireki eta lanpostuz betetzeko helburuarekin, erabakitasunez eta irmotasunez joka dezaten, etorkizun handikoak eta erabat bideragarriak direlako bi lantokiak". Horien arabera, giza baliabide "ezinhobeak" dituzte bi lantokiek. Bi sindikatuek azaldu dutenez, "enpleguaren, langileen eskubide duinen eta Corrugados Azpeitiako eta Lasaoko etorkizunaren aldeko defentsa, apustua eta borroka aldarrikatu eta berretsi" nahi dituzte.