Espainiako Auzitegi Gorenak ontzat jo du Gallardok Corrugadoseko langileak bota izana

Urola Kostako Hitza 2015ko uzt. 24a, 18:47

2014ko martxoan, Espainiako Auzitegi Nazionalak Gallardo Taldeari eman zion arrazoia, 2013an aurkeztutako Lana Erregulatzeko Txostenaren harira. Corrugados Azpeitia eta Lasaoko langileen ELA eta LABeko ordezkari sindikalek helegitea jarri zioten erabakiari, eta orain iritsi da erantzuna.

Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio Gallardo Balboa taldeari, eta babestu egin du Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasaoko langileak kalera botatzeko erabakia. Atzo, osteguna, izan zuen enpresak epaiaren berri. Enpresaren arabera, Gorenak jakinarazi du ontzat ematen dituela hartutako neurriak, "haiek ekintzen indarrari erantzuten diotelako".

2014ko martxoan, Espainiako Auzitegi Nazionalak Gallardo Taldeari eman zion arrazoia, 2013an aurkeztutako Lana Erregulatzeko Txostenaren harira. Haren egokitasuna justifikatu zuen Auzitegi Nazionalak -aurrez , eta ontzat eman zuen kaleratze kolektiboa, "arrazoi ekonomiko eta produktiboak frogatu zirelako". Corrugados Azpeitia eta Lasaoko langileen ELA eta LABeko ordezkari sindikalek helegitea jarri zioten erabakiari Auzitegi Gorenean, eta orain iritsi da erantzuna.

Gallardo Taldeak 2013ko apirilean aurkeztu zuen txostena onartuta, Azpeitiko lantegia itxi zuten, eta Lasaoko 38 langile kaleratu zituzten. Guztira, 300 pertsonatik gora gelditu ziren lanik gabe. Extremadurako lantegietan ere 34 langile kaleratu zituzten.

Gallardo Balboa Taldeak jakinarazi duenez, enpresak eta aholkulari juridikoek eginiko kudeaketa eta esfortzua "babestu eta sostengatu" ditu Espainiako Auzitegi Gorenak. Haien hitzetan, siderurgiaren sektoreak "beharrezkoa" zuen aldaketak egitea, haren "gaitasunaren gainetik" zeudelako baliabideak. Eginiko murrizketek ahalbidetu dute sektorearen errentagarritasuna "berreskuratzea", Gallardo Balboa taldearen arabera.

Enpresak jakinarazi du "nahigabea" sentitzen duela lanpostua galdu duten pertsonak ezingo dituztelako txertatu beste proiektu batzuetan. Corrugados Azpeitia eta Lasaoko langileentzat ez ezik, erabaki bera hartu du Gorenak Extremadurako beharginez.