Inaziotar Bidea indartzen jarraitzeko konpromisoa hartu du hainbat erakundek

Uztarria.eus 2015ko uzt. 15a, 18:35

Azpeitiko eta Manresako udalek Inaziotar Bidea sustatzeko lankidetza hitzarmena sinatu ondoren, Inaziotar Bidea bera eta bihar, osteguna, Loiolan egingo diren jardunaldiak aurkeztu dituzte. Hainbat erakundetako kideak elkartu dira gaur, Loiolan. Bertan izan dira, besteak beste, Azpeitiko Udaleko eta beste hainbat herritako alkateak, Gipuzkoako eta Arabako aldundietako ordezkariak, Eusko Jaurlaritzako kideak, Arantzazuko Santutegiko eta Jesusen Lagundiako ordezkariak. 

Basquetour Eusko Jaurlaritzaren turismo agentziako zuzendari Arantza Madariagak eta Agencia Catalana de Turismeko zuzendari Patric Torrentek Loiola eta Manresa lotzen dituen Inaziotar Bidearen aurkezpena egin dute aurrena, Loiolako Santutegian. Done Jakue bidearekin alderatu dute Inaziotar Bidea, eta "erromes esperientzia bizitzeko aukera" eskaintzen duela adierazi dute. "Espiritualitateaz gain, tokian tokiko kultura eta natura ezagutzera emateko zein toki horietako ekonomia suspertzeko tresna" izan daitekeela ere esan dute. 

700 kilometro ditu Azpeitian, Loiolan, hasi eta Manresan (Bartzelona, Katalunia) bukatzen den Inaziotar Bideak eta Araba eta Gipuzkoako sei eskualdetatik, Errioxatik, Nafarroatik, Aragoitik eta Kataluniatik igarotzen da ibilbidea. Guztira, 27 etapako ibilbidea da. Inaziotar Bidea duela ia 500 urte inguru, 1522. urtean, egin zuen Loiolako Inaziok. Bakarrik egin omen zuen bidea hark eta hamar hilabetez Manresan izan ostean, Erromaraino joan zen.

Basquetourreko kideek Inaziotar Bidea "apustu garrantzitsua" dela adierazi dute: "Espainiako estatuan ez ezik, nazioartean ere oihartzuna izan dezaken proiektua delakoan gaude, eta lanean ari gara Jesusen Lagundiarekin nahiz beste erkidego batzuetako erakundeekin ere, toki horietatik ere pasatzen baita ibilbidea". Madariagak azaldu duenez, "produktua gizarteratzea falta" zaie, eta "eredugarritzat" jo du Manresan proiektuari eman dioten indarra. Patric Torrent Agencia Catalana de Turismeko zuzendariak azaldu du proiektuan "oso inplikatuta" daudela 2012az geroztik, eta "elkarlanaren garrantzia" azpimarratu du: "Inaziotar Bidea aukera ona zela ikusi genuen, eta proiektuan sartu ginen. Nazioartera zabaltzeko modua ere ikusten dugu, eta proiektuak hemen baino indar handiagoa izan dezake, behar bada, kanpoan. Beraz, proiektuari eutsi egin behar diogu". Horrez gain, Euskal Herriko eta Kataluniako "kultura, natura eta gastronomia" elkartzeko bidea ere izan daitekeela proiektua uste dute haren sustatzaileek.

Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak adierazi du, helburua Inaziotar Bidea "ezagutaraztea" dela: "Barruko udalerrietako turismoaren alde ez da askorik egin, eta aukerak daude proiektu honen baitan indartzeko. Gainera, naturari, erlijioari eta kulturari balioa emateko aukera eskaintzen du Inaziotar bideak".

Loiolan izan diren erakundeetako ordezkariek 2015 eta 2016 urteetarako Inaziotar Bidea sustatzeko hainbat ardatz finkatu dituzte:

1. ardatza: Erakundeen arteko hitzarmena. Haien artean, Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak, eskualdeetako erakundeak edo udalak.

2. ardatza: Erromesei eta bisitariei egin beharreko harrera.

3. ardatza: Ostatu eskaintzaren garapena eta erregulazioa.

4. ardatza: Inaziotar Bidearen kultur eta turismo sustapena eta haren komertzializazioa.

5. ardatza: Natura errespetatzea, zaintzea, eta inguruan esku-hartze jasangarria eta integrala egitea.

6. ardatza: Inaziotar Bidea ezagutaraztea eta balioa ematea.

7. ardatza: Berrikuntza produktuak sortzea.

Bestalde, bihar, osteguna, Inaziotar Bidearen inguruko jardunaldiak egingo dituzte Loiolan. Hemen, jardunaldien egitaraua:

09:00etan harrera.

09:15ean ongietorria eta jardunaldien hasiera.

09:45ean txosten nagusia: erromesaldia esperientzia turistiko gisa. Marina Abad Deustuko Unibertsitateko Turismo Saileko irakasle eta ikertzailea izango da hizlaria.

10:30ean atsedenaldia.

11:00etan Jesuseko Teresaren Aztarnak Ibilbidearen (Avila, Gaztela-Leon) aurkezpena egingo du Luis Carlos Gil Santa Teresa Aztarnak Elkarteko kideak.

11:30ean Montserrat eta Inaziotar Bidearen turismo kudeaketak izango dituzte hizpide. Josep Altayo i Agusti L'Agricola Regional S.A.ko kidea eta Central de Reserves de Montserrat SAUko zuzendari nagusiak hartuko du hitza.

12:00etan Manresa 2022 proiektu estrategikoaz ariko dira, Inazio erromesa Loiolatik Manresara iritsi zeneko bosgarren mendeurrena ospatzerantz. Sonya Puyol Manresako Udalaren Manresa2022 proiektuaren koordinatzaileak eta Esperanca Urzelai Inaziotar Bidearen koordinatzaileak hartuko dute hitza.

12:30ean Euskadiko Inaziotar Bidearen Plan Zuzentzailearen aurkezpena egingo dute Jesus Mujika Iraurgi Berritzeneko Turismo ardunadunak eta Iker Urzelai Inaziotar Bidearen koordinatzaileak.

13:00etan galderak egiteko eta eztabaidatzeko tartea zabalduko dute.