Orkatz ez ixteko eskatu eta herri-harresia irudikatu dute haren aurrean

Uztarria.eus 2015ko eka. 29a, 22:24

Orkatz ez ixteko eskatu dute gaur, astelehena, hainbat herritarrek tabernaren atarian egin duten agerraldian. Herri-harresia irudikatu dute, eta gaurko eta biharko gauak bertan pasatzeko gonbita egin diete bertaratutakoei. Izan ere, gaurtik aurrera ixteko agindupean dauden herriko tabernetan, txandaka, gauak pasatzen hasiko dira, eta Orkatzen egitarau zabala prestatu dute datozen bi egunetarako. 

Azpeitiko Libreko kideek azaldu dutenez, "Audientzia Nazionalak eta Espainiako gobernuak kalkulu politikoak tarteko, gure elkarteak ixtea egindu dute eta erabaki horren bidegabekeria salatu nahi dugu". Haien ustez, konponbidearen aurkako "eraso zuzena" izan da epaia. Libre lan taldeko kideek "injustiziaren aurrean" herritarrek ezin dutela "eskuak gurutzatuta gelditu" esan dute: "Ezin dugu 1936az geroztik egin den lapurreta handiena besterik gabe pasatzen utzi. Ezin dugu onartu inongo arrazoirik eta deliturik egon gabe, elkarte bat horrela ixtea eta hainbat langile kale gorrian uztea". Horrenbestez, azpeitiarrei dei egin diete Orkatz babesteko antolatutako ekimenetan parte hartzeko eta Orkatz ixtera etortzen direnean, bertara gerturatzeko."Suziri bidez jakinaraziko dugu ixtera datozen momentua", gaineratu dute.

Horrez gain, "jarrera baketsu eta desobedienteaz" babestuko dutela Orkatz jakinarazi dute. "Bakoitzak bere nahi eta aukeren arabera, desobedientzia praktikan jartzeko modu desberdinak egongo dira", diote. Halaber, lanean jarraituko dutela azaldu dute: "Orkatz Kultur Elkarteak lanean jarraituko du, Orkatzen edo Orkatzetik kanpo. Orkatz lapurtzen badigute, beste bilgune bat zabalduko dugu. Baina ez Audientzia Nazionalak eta ez Espainiako gobernuak ere ez dute jarduera zilegia geldituko".

Auzitegi Gorenak 35/02 sumarioaren edo Herriko tabernen auzia bezala ezagutzen denaren aurkako epaia berretsi ostean, Orkatz ixteko agindupean dagoelako egin dute gaurko agerraldia.

Hemen, egitaraua osorik: 

Ekainak 29, astelehena.

20:15ean tertulia desobedientea Txerra Bolinagarekin eta Aratz Estonbarekin (ELEAKeko kideak).
21:00etan afaria Orkatzen.
22:00etan sexu askapenari buruzko XXY filma.
22:30ean mural margoketa.
Lotan geratuko dira Orkatzen.

Ekainak 30, asteartea.
9:00etan esnatu.
9:30ean gosaria.
10:00etan asanblada eta lan-banaketa. Ondoren, ekimen desberdinak egingo dira herrian zehar. 
13:30ean bazkaria.
15:00etan kantautorea.
17:00etan Orkatz inoiz baino biziago, asanblada.
19:00etan martxa laranja herriko kaleetan zehar. 
20:00etan afaria. 
21:30ean Ez aurkeztua taldearen kontzertua.