'Herriko tabernen' kontrako epaia berretsi, eta Orkatz konfiskatzeko agindu du Auzitegi Gorenak

Uztarria.eus | Politika | Artikulua
2015-06-18 14:43

Joan den urteko uztailaren 30ean jakinarazi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak Herriko tabernen auziko epaia. 103 herriko taberna konfiskatzeko agindua eman zuen, tartean Azpeitiko Orkatz Kultur Elkartearen egoitza.

Fatxada eta ataria puxika laranjaz apaindu eta 'Hemendik ez dira pasako' dioen pankartarekin estali dute Orkatzeko leihoa.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Auzitegi Gorenak 35/02 sumarioaren edo Herriko tabernen auzia bezala ezagutzen denaren aurkako epaia berretsi du gaur, osteguna. Auzitegi Nazionalak 103 herriko taberna konfiskatzeko emandako agindua berretsi du Gorenak, 35/02 auziko defentsa abokatuek aurkeztutako helegitea atzera botata. Konfiskatzeko agindua duten tabernen artean da Azpeitiko Orkatz Kultur Elkartea. Lau tabernena izan ezik, gainontzekoen aurkako epaiari eutsi eta konfiskatzea agindu du auzitegiak. 

Joan den urteko uztailaren 30ean jakinarazi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak Herriko tabernen auziko epaia; hogei auzipeturentzat hiru urtera arteko espetxe zigorra eta 103 herriko taberna konfiskatzeko agindua eman zuen, tartean Azpeitiko Orkatz Kultur Elkartearen egoitza, "ETAren egitura" finantzatzeagatik.

Auzitegi Gorenaren epaiaren gaineko xehetasunak, Berria.eus-en. Epaia, osorik, hemen.

"Txarrenaren zain geunden"

Orkatzeko kideek ere espero zuten berria. Hala adierazi diote Urola Kostako Hitza-ri. "Txarrenaren zain geuden, Audientzia Nazionalarengandik beti espero dugu txarrena", adierazi dute. Bestalde, nabarmendu dute "injustizia bat" iruditzen zaiela gertatzen ari dena: "Orkatzeko bazkideek, herritarrek, beraien poltsikotik jarritako diruarekin irekitakoa da Orkatz, eta Audientzia Nazionalak itxi du. Nola uler daiteke hori?".

"Denen beharra izango dugu", adierazi dute. Herritar guztiei dei egin diete mobilizazioetan parte hartzera: "Ahal dugun gehiena eutsi behar diogu, defendatu egin behar dugu Orkatz". Orkatzek 58 bazkide ditu, eta datorren astean ospatuko dute 22. urteurrena.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia Uztarria | 2015-06-19 : 10:36

Uztarriak ezabatu egin ditu albiste honetako erantzunak, gazteleraz idatzita zeudelako.

Errespetatu Uztarria.eus-eko arauak, mesedez.

Uztarria Komunikazio Taldea

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa