Nepalgo umeei laguntzeko haurren lasterketa solidarioa izango da igandean, Sanjuandegin

Uztarria.eus 2015ko eka. 9a, 12:05

Herriko hainbat taldek eta Udalak antolatu dute lasterketa, Child Bright fundazioarekin elkarlanean. Ekainaren 14an, igandea, izango da lasterketa, Sanjuandegin, 10:30ean hasita. Ostegunean eta igandean bertan eman ahal izango da lasterketarako izena.

Joan den apirilaren 25ean Nepalen izandako lurrikarak utzitako egoera larriak kezkatuta, XJ Auzolaneanek, XEYE atletismo taldeak, herriko kooperazio talde desberdinek eta Azpeitiko Udalak, kros solidarioa antolatu dute Child Bright fundazioarekin elkarlanean. Ekainaren 14an, igandea, izango da lasterketa, Sanjuandegin.

2001etik aurrera jaiotako gaztetxtoek hartu ahal izango dute parte krosean, eta 0 eta 8 urte bitarteko haurrek ere bai, heldu baten laguntzarekin. Ostegunean 18:00etatik 20:00etara bitartean eman ahal izango da izena, Sanjuandegiko auzo-lokalean (igerilekuaren eraikinean), eta egunean bertan ere inskribatu ahal izango da 09:15etik aurrera, Jose Antonio Agirre plazan.

Lasterketak 10:30ean hasiko dira. Aurrena, 2011tik aurrera jaiotakoen txanda izango da, eta 200 metro egingo dituzte heldu batek lagunduta. Ondoren, 10:45ean, 2010-2009 urteetan jaiotakoen txanda izango da, eta 450 metroko itzulia egin beharko dute. Haien ostean 2008-2007 urteen artean jaiotakoek egingo dute lasterka, eta 650 metro egin beharko dituzte. Behin horiek bukatuta hasiko da 2006-2005 urteetan jaiotakoen krosa, eta 900 metroko itzulia egingo dute. 2004-2003 urteetan jaiotakoek, berriz, 1.300 metroko proba izango dute, eta azken lasterketa, 2002-2001 urteetan jaiotakoena, 11:45ean hasiko da, eta parte-hartzaileek 1.950 metroko itzuliari egin beharko diote aurre. Lasterketaren ostean alebinentzat eta infantilentzat sariak izango dira.

Lasterketan parte hartzeko borondatea eskatuko dute parte-hartzaileek, eta jasotako diru guztia Child Bright fundazioaren bidez Nepalgo umeei laguntzeko izango da.