Idoia Unanue: "Ez dut pentsatu nahi sei hilabete barru hura zer izango den"

Uztarria.eus 2015ko api. 29a, 18:15
Bharosako umezurztegiko haurrak, 2010eko abenduko argazkian. (MIRARI ASTIGARRAGA)

Child Bright Fundazioko Azpeitiko kideak oso kezkatuta daude Nepalen laguntzen dituzten umezurtzen egoerarekin, apirilaren 25ean herrialde hartan izandako lurrikara bortitzaren ondoren. Haiei laguntza helarazteko kanpaina berezia abian du fundazioak. Sanjuandegiko festetan jartzen duten tonbolan ere izango dute azpeitiarrek laguntzeko aukera.

"Pentsatze hutsarekin... Lehen kalean zegoen ume pilarekin, eta orain hau". Idoia Unanueren hitzek kezka sakona erakusten dute. Nepalgo umezurztegiak laguntzen dituen Chil Bright Fundazioaren Azpeitiko kideetako bat da Unanue. Azpeitian fundazio horren proiektuetara laguntza bideratzeko hainbat ekimen egin dute azken urteetan, futbol txapelketak edota tonbolak antolatuz, eta orain ahaleginak biderkatzea tokatzen zaie. Joan den zapatuan, apirilak 25, lurrikara bortitzak astindu zuen Nepal, milaka hildako eta suntsiketa handia eraginez. "Orain denek behar dute laguntza han", aitortzen du Unanuek, "baina guk hauek ditugu", dio, umezurztegietako haurrak gogoan.

Lurrikararen ondoko lehen egunetan zailtasunak izan dituzte hangoekin harremanetan jartzeko. Badakite, behintzat, gaur egun Child Bright-ek laguntzen dituen bi umezurztegietan -biak Katmandu hiriburuan daude- hildakorik ez dela izan; baina baita egoera ez dela batere samurra ere. "Umeak-eta ondo daudela esan digute, baina arazoak dituzte jana eta ura lortzeko. Lurrikararen ondoren hiru gau behintzat kalean pasatu dituzte, euritan. errepliken beldurragatik. Izan ere, bi etxeetako baten egoeraren berri zehatzik ez daukagu, baina bestearen irudiak bidali dituzte fundaziora eta, zutik badago ere, arrakala handiak ikusten zaizkio. Egundoko txikizioa eragin du lurrikarak", kontatu du Idoia Unanuek. Aipatutako bi umezurtegietan guztira 55 ume bizi dira gaur egun. Orain urte batzuk hiru ziren Child Brightek babesten zituen umezurtzentzako etxeak, "baina dirua gutxitu zenean, bat utzi egin behar izan genuen".

Umeak lurrikaratik onik atera badira ere, haiengatik oso kezkatuta daude Unanue eta fundazioko gainerako kideak, "urik eta jakirik gabe, egoera hartan, epidemiak etorri daitezkeelako. Esaten dute laguntzak makal ari direla iristen; neurri batean ulertzekoa ere bada, hura kaos bat delako". Lurrikararen epe luzerako ondorioak dira, hala ere, Unanue gehien kezkatzen dutenak: "Ez dut pentsatu ere egin nahi sei hilabete barru hura zer izango den".

Kanpaina eta tonbola

Hain zuzen ere, Nepalen berehala zein epe luzera beharko duten laguntasunarekin pentsatuta kanpaina berezia jarri du martxan Child Bright Fundazioak. "Nahi izanez gero, dirua sartuta lagun daiteke (ES72 0030 1036 83 0002483271 kontu-zenbakian), edota geure webgunean sartu eta dauden laguntzeko moduetatik bat aukeratuta, esteka honetan: www.childbright.org".

Horrez gain, azpeitiarrek ekaineko lehen asteburuan ere izango dute Nepalera laguntza helarazteko beste bide bat, azken urteetan egin duten bezala, Child Brighteko azpeitiarrek tonbola jarriko baitute Sanjuandegiko festetan.