Matxin III.a-Zaldua eta Ansa II.a-Agirrezabala nagusi Azpeitiko Erremonte Txapelketaren lehen jardunaldian

Uztarria.eus 2015ko eka. 8a, 18:17

Goikoetxea V.ari eta Ioni 37-40 eta Matxin VI.ari eta Labakari 40-27 irabazi zieten, hurrenez hurren. Multzokako sailkapen fasearen bigarren jardunaldia ostiralean, ekainak 12, jokatuko da Izarraitz pilotalekuan.

Joan den ostiral arratsaldean jokatu zen Izarraitz pilotalekuan Azpeitiko XVI. Erremonte Txapelketaren lehen jardunaldia.

Multzokako sailkapen fasearen barruan, txapelketari eta A multzoari zegokion lehen neurketan Matxin III.ak eta Zalduak 37-40 hartu zituzten menpean Goikoetxea V.a eta Ion. Irabazleak nabarmen atzetik ibili ziren (32-19), baina partida ia erabakita zegoela ematen zuenean 5 eta 21eko partziala egin eta hankaz gora jarri zuten markagailua Matxin III.ak eta Zalduak. Lehen jardunaldiaren bigarren partida, B multzoko aurrena, ez zen hain gorabeheratsua izan. Lehen zati berdindu baten ostean, 21nako berdinketatik aurrera Ansa II.a eta Agirrezabala nagusitu ziren Matxin VI.a eta Labakaren aurrean, bukaerako 40 eta 27koa sinatu arte.

Emaitza horien ondoren, bi bikote irabazleek launa puntu batu dituzte, bi puntu Goikoetxeak eta Ionek, eta punturik ez Matxin VI.ak eta Labakak.

Multzokako sailkapen fasearen bigarren jardunaldia ostiralean, ekainak 12, jokatuko da Izarraitz pilotalekuan. 18:30ean hasita, Goikoetxea V.a eta Ion Segurola eta Aizpuru III.aren kontra ariko dira A multzoan, eta Ansa II.a eta Agirrezabala Otaegi eta Larrañagaren kontra B multzoan.