Ostiralean hasiko da Azpeitiko XVI. Erremonte Txapelketa

Uztarria.eus 2015ko eka. 1a, 15:19

Txapelketan parte hartuko duten erremontistak eta Azpeitiko Udaleko eta Oriamendi enpresako ordezkariak, Izarraitz pilotalekuan.

Ostiralean hasi eta uztailaren 3a bitarteko ostiraletan jokatuko dituzte txapelketako partidak. Guztira, sei bikotek hartuko dute parte, bi taldetan banatuta.

Ostiralean, hilak 5, hasiko da Azpeitiko XVI. Erremonte Txapelketa. Izarraitz pilotalekuan izango dira txapelketako partida guztiak, eta finala uztailaren 3an jokatuko da. Txapelketan sei bikotek hartuko dute parte, bi taldetan banatuta. A taldea Goikoetxeak eta Ionek, Matxin III.ak eta Zalduak eta Segurolak eta Aizpuru III.ak osatuko dute. B taldea, berriz, Ansa II.ak eta Agirrezabalak, Matxin VI.ak eta Labakak, eta Otaegik eta Larrañagak.

Gaur, asteartea, aurkeztu dute txapelketa, Manuel Unanue Azpeitiko Udaleko kirol batzordeburuak, Oriamendi enpresako ordezkariak eta txapelketan parte hartuko duten hainbat erremontistak. 

Ostiralean hasi eta uztailaren 3a bitarteko ostiraletan jokatuko dituzte txapelketako partidak. Hau da, ekainaren 5ean, ekainaren 12an eta ekainaren 19an sailkapen partidak izango dira. Ekainaren 26an, aldiz, finalaurrekoak, eta uztailaren 3an izango da finala. Partida guztiak 18:30ean izango dira, Izarraitz pilotalekuan.

Kanporaketetako sarrerak bi euro ordaindu beharko dira, eta egunean bertan izango dira salgai leihatilan.

Egutegia eta partidak

Ekainak 5, ostirala. (Kanporaketetako lehen jardunaldia)

- Lehen partida: Goikoetxea V.a eta Ion Matxin III.a eta Zalduaren kontra.

- Bigarren partida: Ansa II.a eta Agirrezabala Matxin VI.a eta Labakaren kontra.

Ekainak 12, ostirala. (Kanporaketetako bigarren jardunaldia)

- Lehen partida: Goikoetxea V eta Ion Segurola eta Aizpuru III.-aren kontra.

- Bigarren partida: Ansa II.a eta Agirrezabala Otaegi eta Larrañagaren kontra.

Ekainak  19, ostirala. (Kanporaketako hirugarren jardunaldia)

- Lehen partida: Matxin III.a eta Zaldua Segurola eta Aizpuru III.aren kontra.

- Bigarren parida: Matxin VI.a eta Labaka Otaegi eta Larrañagaren kontra.

Ekainak 26, ostirala. 

- Lehen partida: A taldeko lehena eta B taldeko bigarrena.

- Bigarren partida: B taldeko lehena eta A taldeko bigarrena.

Uztailak 3, ostirala. Finala.