Genero ikuspegia txertatuko du udalak bere jardunean, 'Mainstreaming' estrategiaren bidez

Uztarria.eus 2015ko api. 14a, 16:49
Edurne Aranbarri Parekidetasun teknikaria eta Leire Etxaniz Parekidetasun zinegotzia.

Azpeitiko Udala estrategia martxan jartzen "aitzindari" izango dela jakinarazi dute. Aranbarriren aburuz, udalean lan egiteko modua "aldatzea" dakar genero ikuspegia txertatzeko estrategiak, eta estrategia martxan jartzearekin bi prozedura administratibo landuko dituzte aurten.

Azpeitiko Udalak Mainstreaming estrategia (zeharkakotasun estrategia) jarriko du martxan, "genero ikuspegia udal jarduera guztian txertatzeko". Joan den martxoaren 31ko udalbatzarrean hartu zuten aho batez, estrategia martxan jartzeko konpromisoa, eta gaur aurkeztu dute egitasmoa Leire Etxaniz Parekidetasun zinegotziak eta Edurne Aranbarri Parekidetasun teknikariak.

Etxanizek azaldu duenez, urte asko pasatu dira Azpeitiko Udalak "emakumeen eta gizonen berdintasunearen bidean urrats sendoak ematea" erabaki zuenetik: "Hainbat proiektu landu izan dira. Adibidez, Berdintasun Plana. Urte hauetan guztietan, ordea, berdintasun politikek garapen handia izan dute, bai nazioartean eta baita Euskal Herrian ere, eta horrek bere islada izan du onartu diren legeetan". Azpeitiko Udala "egoera berrietara egokitzen" joan dela azaldu du Etxanizek, eta azaldu du egokitze horren ondorioz txertatu zutela Maistreaming estrategia Azpeitia 2025 Plan Estrategikoan.

Azpeitiko Udala estrategia martxan jartzen "aitzindari" izango dela jakinarazi dute. Izan ere, Donostiako eta Tolosako udalekin batera emango du urratsa udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Aldundiak ahokularitza zerbitzua eskaintzen die egun udaletako parekidetasun teknikariei, baina estrategia "epe luzerako lan estiloa" dela adierazi du Edurne Aranbarrik: "Udalak edozein ekintza, arau, proiektu, plan edo neurri diseinatzerakoan, garatzerakoan ala ebaluatzerakoan emakumeen eta gizonen egoera, beharrak eta ezaugarriak kontuan hartzea suposatzen du estrategiak".

Aranbarriren aburuz, lan egiteko modua "aldatzea" dakar estrategiak, eta "Bilgune Feministak aipatzen dituen betaurreko moreak janztea eskatzen du, errealitatea beste era batera aztertzea". Parekidetasun teknikariak esan du epe luzerako estrategia denez, "neurriak poliki-poliki hartzen" joango direla, eta azpimarratu du Azpeitiko Udalak "estrategia hori gauzatzeko baldintza, konpromiso politikoa eta teknikoa, badituela".

Estrategia martxan jartzearekin bi prozedura administratibo landuko dituzte aurten: informazioa eta komunikazioa eta kontratazio eta diru-laguntza deialdiak. "Informazioari eta komunikazioari dagokionez, barne eta kanpo komunikazio ez sexista landuko dituzte, eta kontratazio eta diru-laguntzetan datu baseak-eta aztertuko ditugu". Aranbarrik esan duenez, "berdintasuna helburu ez badugu, ez dugu inoiz lortuko".