Azpeitia 2025 Plan Estrategikoa jendaurrean aurkeztu dute

Uztarria.eus 2013ko abe. 5a, 19:06
Udaletxeko Areto Nagusian aurkeztu zuten Plan Estrategikoa.

"Egungo egoera ekonomikoa aintzat hartuz eta iraunkortasun baloreetan oinarrituz" landu duten planean hiri antolamendua, ingurumena, garapen ekonomikoa eta justizia soziala "modu integralean" jorratu dituzte sektore ezberdinetako ordezkariek, diagnositik abiatuta ekintza plana osatu arte. Plana "bizia, irekia eta erabilgarria" dela nabarmendu dute prozesuan parte hartu dutenek, eta garrantzia berezia eman diote gauzatze mailaren jarraipena egiteari.

Joan den martxoan iragarri eta urriko Udalbatzarrean onartu ondoren atzo, abenduak 4, jendaurrean aurkeztu zuen Udalak Azpeitia 2025 Plan Estrategikoa, udalerrian "epe luzeko ikuspegiarekin eta elkarren arteko bide berria marraztu nahi" duena.

Denon Artean 2014 parte-hartze prozesuaren baitan aurkeztu dute plana, eta planaren taxutzea ere sektore ezberdinen parte-hartzean oinarritu dela esan daiteke. Horrela, hiru lantalde sortu eta lanean aritu dira: Herritarren Mahaia, Teknikarien Mahaia eta Politikarien Mahaia. Plan Estrategikoa osatzeko proiektua 2012ko abenduan jarri zuen martxan Udalak eta prozesua 2013ko irailean burutu zuten. Udalsarea 21ek emandako finantziazioarekin osatu dute proiektua.

Azpeitia 2025 Plan Estrategikoa bi planen batura da: 2010ean onartu eta indarrean dagoen Tokiko Agenda 21eko Ekintza Planarena, eta arlo soziala eta ekonomikoa jorratzen dituen aurten osatutako Planarena, hain zuzen. Azpeitiaren gaur egungo egoeratik abiatuta, udalerriaren garapen ekonomikoak eta enpleguaren sustapenak pisu berezia hartu dute planaren helburuetan, "Udalak arlo honetan lidergo zuzena izan nahi duelako", Eneko Etxeberria alkateak nabarmendu bezala.

Atzoko aurkezpenean, planaren filosofia eta metodologia azaldu zituzten, gehien bat. Prozesuan parte hartu duten hiru mahaietako kideek ere hartu zuten hitza, planaren eta prozesu beraren balorazioa egiteko. Bakoitzak bere ñabardurekin, baina guztiak bat etorri ziren horrelako tresna bat esku artean izatearen garrantzian eta, bereziki, onartutakoaren jarraipena egitean. Hain zuzen ere, planaren betetze maila neurtzeko eta balizko egokitzapenak egiteko, aipatutako hiru mahaiak urtean zehar pare bat aldiz elkartzea adostu dutela azaldu zuten.

Ekintza planaren laburpen exekutiboa, ekintza planaren edukiena barne, ikus dezakezue hemen.