Azkoitia-Azpeitia, munduko maratoi erdi onenen artean

Uztarria.eus 2015ko api. 1a, 19:31
Emmanuel Bett, 2015eko irabazlea, helmugara iritsi zen unean.

All-Athletics webguneak osatzen duen sailkapenean, 2015eko Europako zazpigarrena eta munduko hamargarrena da Diego Garciaren oroimenezko lasterketa, gizonezkoen lasterketa kontuan hartuta. Gizonezko eta emakumezkoen lasterketak batuta, hamargarrena da Europan, eta hamazazpigarrena munduan.

"Atletismoaren datu base osatuena", horrela aurkezten du bere burua All-Athletics webguneak. Erreferentziazkoa bada, behintzat, eta horregatik azaldu dira "harro" Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileak, webgune horretako rankingean 2015ean orain arte jokatutako maratoi erdien artean Europako zazpigarrena eta munduko hamargarrena baita Diego Garciaren omenezko lasterketa -martxoaren 28an jokatu zen-, gizonezkoen lasterketa kontuan hartuta. Gizonezko eta emakumezkoen lasterketak batuta, hamargarrena da Europan, eta hamazazpigarrena munduan.

"Goi mailako proba dugula esaten dugunean, beste maratoi erdiekin neurtzen gaituen All-Athletics erakundean gure postua zein den jakin nahi izaten dugu. Joan den urtean Europako zazpigarren postua lortu genuen eta aurtengoan ere momentuz hor sartu gara, udaberriko maratoi erdi onenak jokatu eta gero", azaldu dute maratoi erdiaren antolatzaileek, pozik. "Guztiok harro sentitzeko moduko lorpena da, eta urtez urteko gure esfortzuaren saria. Aurrekontu txiki batekin, handienen maila atletikoa lortzen dugu eta korrikalari herrikoiek ere lasterketan ahalik eta erosoen korri dezaten nahi izaten dugu".

Datorren urteko edizioari begira, herrikoien partaidetza indartzea izango da, hain zuzen ere, Azkoitia-Azpeitia lasterketaren arduradunen erronketako bat. "Partaidetza herrikoia handitu nahi dugu, giro atletikoa gehiago bizi dadin", adierazi dute.