Emmanuel Bettek eta Monica Jepkoechek irabazi dute Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia

Uztarria.eus 2015ko mar. 28a, 20:09
Proba nagusiaren hasiera, Azkoitian. (Ane Olaizola)

Ez da errekorrik hautsi aurtengo XXII. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian, baina ehunka lagunek hartu dute parte lasterketa nagusian, herrikoian zein rollerrenean. (Uztarria.eus-ek astelehenean jarriko ditu ikusgai probako argazkiak).

900 lasterkarik baino gehiagok hartu dute parte gaur, martxoak 28, jokatu den XXII. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian. Lasterketa hasi aurretik, urtero legez, Diego Garcia zenaren familia omendu dute, eta aurrena rollerren lasterketa jokatu da. Haien ostean, hasi da 7,5 kilometroko lasterketa herrikoia, eta maratoi erdiko parte-hartzaileak, berriz, 16:30ean abiatu dira.

Lasterkariak proba nagusiko marka hobetzen saiatu badira ere, ezin izan dute lortu. Hiru keniar nagusitu dira gizonezkoetan. Emmanuel Bett helmugaratu da aurrena, baina 01:00:08 denbora eginda ezin izan du helburua lortu. Gizonezkoetan bigarrena Stephen Omiso Arita iritsi da helmugara, Bett baino 44 segundo geroago. Hirugarrena, berriz, Edwin Kipsang izan da.

Emakumeetan Monica Jepkoech keniarra izan da nagusi (01:10:30). Bigarrena, berriz, Zewdnesh Ayele etiopiarra helmugaratu da, 01:11:49 denborarekin, eta hirugarren azkarrena Arrasateko Nerea Arregi izan da (01:22:36). Elena Congost kataluniar atletak 01:23:30 denbora hausteko saiakera egin du, baina ezin izan du errekor berria ezarri. Congostek ikusmen urritasuna du eta atleta paraolinpiar bezala lehiatzen da. Bera da gaur egun maratoi erdian paraolinpiar mailako munduko errekorraren jabe.

Azpeitiar parte-hartzaileen artean aurrena, Xabat Manzisidor izan da, eta haren ostean, segungo gutxira, helmugaratu da Xabier Lasa. Asier Cuevas Azpeitiko bizilaguna, berriz, hamargarrena izan da proba nagusian. Aurreneko azpeitiar emakumea, berriz, Nerea Etxeberria izan da.

Proba herrikoian Iker Beristain eta Ekiñe Unzalu nagusitu dira, eta rollerretan, berriz, Iñaki Zubillaga eta Nagore Montes.