Eskola umeei Diego Garcia nor zen azaltzeko hitzaldia, ostiralean Sanagustinen

Uztarria.eus 2015ko mar. 25a, 17:24

Zapatuan egingo den Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdiaren antolatzaileek bi saio antolatu dituzte, ostegunean Azkoitiko Elkargunean eta ostiralekoa, Azpeitian, 11:00etan Sanagustinen. LHko 6. mailako herriko ikasleei zuzendutako hitzaldia da.

Zapatuan, martxoak 28, egingo dute 2015eko Azkoitia-Azpeitia. Diego Garcia azkoitiar atleta zenaren ekimenez eta itzalean sortu zen lasterketak XXII. edizioa beteko du aurten. Eta egungo antolatzaileek, maratoi erdia prestatzeaz gain, belaunaldi gazteenei Diego Garciaren figura gerturatzea nahi izan dute.

Horrela, Azkoitian eta Azpeitian hitzaldi bana antolatu dute, bi herrietako LHko 6. mailako ikasleei zuzenduta, Diego Garcia nor zen azaltzeko. "Haren izaera eta kirol bizitzari errepaso bat emango diegu, eta Azkoitia-Azpeitia lasterketa nola jaio zen ere azalduko dugu", adierazi dute.

Azkoitian hitzaldia bihar, osteguna, izango da, 11:30ean Elkargunean. Azpeitian, berriz, ostiralean izango da ikasleentzako hitzordua, 11:00etan Sanagustin kulturgunean.

Eliteko atleten etorrera

Zapatuan maratoi erdian parte hartuko duten eliteko aurreneko atletak gaur iritsiko dira Azpeitira; Emmanuel Beth eta Thomas Ayeko izango dira Loiola Hotelean ostatu hartuko duten aurrenak. Bihar eta ostiralean, berriz, batuko zaizkie Samuel Theuri Mwaniki, Erick Kimaru Tirop, Stephen Omiso Arita, John Kemboi, Monica Jepkoech, Dawit Wolde, Zewdenesh Ayele, Edwin Kipsang, Justus Kangogo, eta antolatzaileek azken orduetan lotu dituzten Moses M Kurong eta Javi Guerra.

Horietako batzuk ere hartuko dute parte ostiralean Sanagustinen egingo den hitzaldian.

Bihar, izena emateko azken eguna

Bihar, martxoak 26, bukatuko da XXII. Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdian eta III. Lasterketa Herrikoian izena emateko epea. Antolatzaileek emandako datuaren arabera atzo, izen-ematea ixteko bi egunen faltan, parte-hartzaileen kopurua milatik gertu zebilen.