Azkoitia-Azpeitia, denentzako neurrira

Uztarria.eus 2015ko mar. 17a, 19:07
Antolatzaileak, udal ordezkariak, Diego Garciaren sendikoak eta babesleak, gaurko aurkezpenean.

Gaur, asteartea, aurkeztu dute martxoaren 28an egingo diren maratoi erdiaren XXII. edizioa eta lasterketa herrikoiaren III.a; azken horretan patinatzaileentzako proba ere jokatuko dute, lehen aldiz. Diego Garciaren omenezko zitak "hasierako izaera" mantentzen duela nabarmendu dute antolatzaileek eta babesleek. Maratoi erdian parte hartuko duten eliteko korrikalari batzuen izenak ere aurreratu dituzte.

Lasterketaren antolatzaile den Xeye Atletismo Taldeak, Azkoitiko eta Azpeitiko udal ordezkariek, Diego Garciaren senideek eta probaren babesleek gaur, asteartea, aurkeztu dituzte Loiola Hotelean Diego Garciaren omenezko XXII. Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia eta III. Lasterketa Herrikoia. Martxoko azken zapatuan, hilaren 28an, izango da aurten ere atletismoaren festaz gozatzeko parada.

Elite mailako lasterketa izateari uko egin gabe, atleta herrikoien parte-hartzea bultzatzen jarraitu nahi dute antolatzaileek. Horregatik, eta Diego Garciaren itzala beti presente dutela, "hasierako izaera" mantentzen duen lasterketa dela nabarmendu dute aurkezpenean.

Horrekin batera, 2015eko ediziok dakartzan berrikuntzak eta lasterkariek zein ikusleek izango dituzten zerbitzuak xehetu dituzte aurkezpenean. Berrikuntzen artean aipagarriena, lasterketa herrikoiaren barruan lehen aldiz patinatzaileen proba ere egingo dela: 16:10ean abiatuko da patinatzaileen lasterketa Azkoitiko Julio Urkijo kaletik, 16:15ean 7,5 kilometroko lasterketa herrikoian aterako diren korrikalariena, eta 16:30ean 21 kilometroko maratoi erdia. Beste berrikuntza txipari dagokiona da. Izan ere, aurten parte-hartzaileek txipa dortsalean sartuta izango dute. Dortsalak, berriz, irteeratik 200 metrora banatuko dituzte, 11:00etatik 16:00etara.

Zerbitzuei dagokienez, autobus zerbitzuak indartu dituzte antolatzaileek. Donostiatik, Bilbotik eta Gasteiztik autobusak aterako dira Azkoitira, lehenengo bi hiriburuetatik 14:00etan irtenda eta Gasteiztik 13:45ean abiatuta. 15:00etan iritsiko dira Azkoitira, eta irteera puntutik 200 metrora utziko dituzte korrikalariak. Ondoren, Loiolako basilika aurretik itzuliko dira, 19:30-20:00ak aldean. 13 euroko kostua du zerbitzuak, eta www.sportbus.es helbidean eman daiteke izena. Aldalur enpresarekin ere autobus zerbitzu berezia egongo da, eta Azpeititik irteerara eramango dituzte korrikalariak. Lehenengo autobusa 14:30ean irtengo da Azpeitiko igerilekutik, eta ondorengoak Loiolatik, Inaxio Uriaren monolitotik, abiatuko dira, 15:45era bitartean.

Bestetik, Azpeitiko igerilekuan, dutxa eta aldagela zerbitzuak jarriko dituzte, eta ludoteka zerbitzua ere izango da 3 eta 10 urte bitartekoentzat, 14:30etik 19:30era. Horretarako, aurrez izena eman behar da, 943150095 telefonoan edo kirola@azpeitia.eus helbidean. Loiolako Inazioren etorbideko helmugan, berriz, Air Tv-ri esker pantaila handian jarraitu ahal izango da lasterketa; Azkoitira eta Azpeitira etorri ezin dutenek, bestetik, Internet bidez zuzenean ikusteko aukera izango dute

Baieztatutako aurreneko izenak

Hilaren 26a arte irekita egongo da maratoi erdian zein lasterketa herrikoian parte hartzeko izen-ematea, Internetez zein dendetanAurten, parte-hartzea mugatua izango da: maratoi erdirako 1.300 dortsal salduko dituzte, 400 lasterketa herrikoirako eta 200 patinatzaileentzako. Aurkezpenean aurreratu dutenez, momentuz 600 kirolari inguru dira izena eman dutenak.

Oraindik zerrenda guztiz itxi gabe baldin badute ere, baieztatuta dituzten goi-mailako aurreneko atleten izenak aurreratu dituzte aurkezpenean. Besteak beste, Edwin Kipsang Rotich iazko txapeldunordea; Emmanuel Bett, Greta Sout Run Maratoi Erdiko 2013ko irabazlea; John Kemboi, Lilleko Maratoi Erdiko iazko irabazlea; Justus Kangogo, Getafeko Maratoi Erdiko irabazlea; Monica Jepkoech, Parisko Maratoi Erdia bigarren postuan egindakoa; eta Zewdnesh Ayele, Bolognako Maratoi Erdiako iazko txapeldunordea Azkoitia-Azpeitian izango dira.