Azpeitiko lau erremontista ariko dira lehian, Sagardoaren Txapelketan

Uztarria.eus 2015ko mar. 11a, 11:47
Sagardoaren Txapelketan ariko diren erremontista batzuk atzo egindako aurkezpenean. (Oriamendi)

Igor Agirrezabala, Ion Etxeberria, Aritz Etxeberria Etxeberria IV.a eta Xuban Oiarzabal Matxin III.a azpeitiarrek hartuko dute parte txapelketan. Ostegunean hasiko da txapelketa Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Iazko Sagardoaren Txapelketa Etxeberria IV.ak eta Ionek irabazi zuten

Sei bikote bi multzotan banatuta ariko dira nor baino nor erremonteko V. Sagardoaren Txapelketan. Parte hartuko duten pilotarietako lau dira azpeitiarrak: Igor Agirrezabala, Ion Etxeberria, Aritz Etxeberria Etxeberria IV.a eta Xuban Oiarzabal Matxin III.a. A multzoa, Ezkurrak eta Agirrezabalak, Utergak eta Olazarrek eta Ezkurra II.ak eta Ionek osatuko dute. B multzoa, berriz, Zeberio II.ak eta Endikak, Etxeberria IV.ak eta Etxeberria III.ak eta Matxin III.ak eta Barrenetxeak. Behin ligaxka jokatuta, multzo bakoitzeko bi bikote onenak sailkatuko dira finalaurrekoetara.

Txapelketa ostegunean hasiko da, Hernaniko Galarreta pilotalekuan, Ezkurra-Agirrezabala Uterga-Olazarren kontra ariko dira. Oriamendi 2010 erremonteko enpresak eskerrak eman dizkie txapelketa antolatu duten sagardotegiei: "Zortzi izan dira txapelketa hau jokatzea posible egin dutenak: Oialume Zar, Petritegi, Gurutzeta, Bereziartua, Larre Gain, Altzueta, Gaztañaga eta Saizar".

Iazko Sagardoaren Txapelketa Etxeberria IV.ak eta Ionek irabazi zuten