Iraurgi Berritzenen lan orientazio zerbitzua martxan da berriro

Uztarria.eus 2015ko mar. 2a, 18:09

Azpeitian, Sindikatu Zaharreko hirugarren solairuan dago bulegoa. Aurrez txanda hartzea gomendatzen dute, 943026069 telefono zenbakira deituta.

Etenaldi labur baten ondoren, enplegu eta lan orientazio zerbitzua berriro martxan dela jakinarazi du Iraurgi Berritzen garapen agentziak. Lanbiderekin elkarlanean eta Europako Gizarte Funtsak kofinantziatuta eskaintzen du zerbitzu hori Iraurgi Berritzenek Azpeitian eta Azkoitian, joan den urte hasieratik.

Azpeitian, Sindikatu Zaharreko hirugarren solairuan dago bulegoa. Aurrez txanda hartzea gomendatzen dute, 943026069 telefono zenbakira deituta. Enplegu eta orientazio zerbitzua eskualdeko langabetuei eta langabezian erortzeko arriskuan edo enplegua hobetu nahian dauden langileei zuzenduta dago.

Lan orientaziorako zerbitzua bi ataletan banatzen dute bulegoaren arduradunek. Batetik, Enplegu Zentroa deritzona dago; herritarrei eskualdean dauden lan eskaintzen inguruan informazioa eskaintzea eta bilaketa aktiboan laguntzea helburu, lan eskaintza horietan izena ematen laguntzeaz gain curriculuma eta aurkezpen gutuna prestatzen ere laguntzen dute bertan. Orientazio Zerbitzuaren xedea, berriz, lan bila dabiltzan eskualdeko herritarrei laguntza pertsonalizatua ematea da; herritar bakoitzak dituen behar konkretuen araberako zerbitzua eskaintzen dute, balizko lan irteera eta prestakuntza zerbitzuetan aholkularitza eskainiz.