Abian dira Azpeitiko eta Azkoitiko Enplegu Orientazio zentroak

Uztarria.eus 2014ko urt. 23a, 14:15
Ezkerretik eskubira, Jexux Agirre Iraurgi Berritzeneko zuzendaria, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Pello Bastarrika Azkoitiko alkatea eta IƱaki Portilla Azpeitiko Industria zinegotzia.

Azpeitiko eta Azkoitiko udalek, Iraurgi Berritzen garapen agentziaren bidez eta Lanbiderekin elkarlanean Enplegu Orientazio zentroak jarri dituzte martxan, "langabezian daudenentzat, langabezian gelditzeko arriskuan daudenentzat edo enplegua hobetu nahi dutenentzat, lan bila dabiltzanentzat eta, oro har, lan egiteko adina duten herritar guztientzat". Azpeitiko zentroa Sindikatu Zaharreko hirugarren solairuan dago.

Azpeitiko eta Azkoitiko udalek, Iraurgi Berritzen garapen agentziaren bidez eta Lanbiderekin elkarlanean Enplegu Orientazio zentroak jarri dituzte abian. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak azaldu duenez, "langabezia gutxitzea eta enpleguaren kalitatea hobetzea lehenetsi" dituzte Azkoitiko eta Azpeitiko udalek eta Iraurgi Berritzenek, eta eskura dituzten "baliabide guztiak" erabiltzeko konpromisoa berretsi du. 

Azpeitian eta Azkoitian Enplegu Orientazio zentro bana zabaldu dute, "langabezian daudenentzat, langabezian gelditzeko arriskuan daudenentzat edo enplegua hobetu nahi dutenentzat, lan bila dabiltzanentzat eta, oro har, lan egiteko adina duten herritar guztientzat". Horiei guztiei aholkularitza zerbitzua eskaintzeko gunea izango da, eta talde zein norbanako orientazioa ere eskainiko da bertan. Izan ere, orientatzaile bana izango da zentro bakoitzean. Etxeberriak azaldu duenez, "helburua da ahalik eta zerbitzu pertsonalizatuena eskaintzea, pertsona bakoitzaren aukerak ahalik eta gehien indartzeko".

Hala nola, Interneteko sarbidea, informazio panelak, liburutegi edo hemeroteka izango dira herritarren eskura. Horrez gain, Lanbideko kudeaketa, lan elkarrizketak prestatzeko zein Curriculumak egiteko laguntza, eta lan bilaketa aktiboa eskainiko dute bertan. Etxeberriak esan duenez, "bulego hauek ahalik eta erreminta eraginkorrenak izatea nahi dugu, langabeziari aurre egiteko. Horregatik, herritarrak bulegoak erabiltzera animatu nahi ditugu, eta zerbitzu pertsonalizatua nahi duenak orientatzailearekin hitzordua eskatu dezake".

Azpeitiko Enplegu Orientazio zentroa Sindikatu Zaharreko hirugarren solairuan dago. Astelehenetik ostiralera izango da zabalik 09:00etatik 13:00etara bitartean, ostiraletan izan ezik (ostiraletan 10:00etan zabalduko da). Gainera, astelehen, asteazken eta ostiraletan arratsaldeko zerbitzua ere eskainiko dute; 15:30etik 18:30era. 942 02 60 69 da zentroko telefono zenbakia.

Azkoitian, berriz, Bizenta Mogel kaleko seigarren zenbakian dago bulegoa. Astelehenetik ostegunera, 09:00etatik 13:00etara eta asteazken eta ostiraletan 15:30etik 18:30era izango da irekita. 943 08 34 69 da bertako zenbakia.

Lanpostu berriak

Eskualdeko Enplegu Planaren baitan, eta Lanbideren bidez, 20 lanpostu sortzeko "tramitean" ari direla jakinarazi dute. "Formula magikorik ez dagoela", baina euren esku dagoen "guztia" egiten saiatzen ari direla gaineratu dute. Hori dela-eta, Hamabost lanpostu Enplegu Planaren baitan eta beste bost Gipuzkoako Foru Aldundiari esker sortuko dituztela azaldu dute. 

Aurreneko hamabost lan postu horiek Urola Ekiten proiektuaren baitan sortu dituzte, eta bost proiektu garatzeko izango dira: EkoBailara II, FabrikaTu, FormaTeU II, FormaTeU II-inter eta UrolaEkinn.

Urola Erdiko udalek (Azkoitiko, Azpeitiko, Errezilgo, Beizamako, Zestoako eta Aizarnazabalekoak) 2012ko irailean aurkeztu zuten Enplegua Sustatzeko Plana sortzeko asmoa, eta harrezkero hainbat pauso eman dira plana osatzeko bidean.