'Fausto herritar eredugarri' antzezlanarekin hasiko da Korrika Kulturala

Uztarria.eus 2015ko ots. 10a, 15:33

Natul euskara taldeko, AEK-ko, Haujijijai-ko, Jauzika elkarteko eta Sanagustin kulturguneko ordezkariak.

Korrika Kulturalaren baitan egitasmo ugari antolatu dute datozen asteetarako. Besteak beste, antzerkia, mus txapelketa, Xoxotera irteera, erromeria eta bazkaria izango dira Azpeitian, Korrika Kulturalaren baitan. Lehenengo ekitaldia ostiralean izango da. Fausto herritar eredugarri antzezlana taularatuko dute 21:30ean, Soreasu antzokian.

Martxoaren 19an hasiko da Urepelen 19. Korrika, eta Bilbon bukatuko da martxoaren 29an. Azpeititik martxoaren 22an igaroko da, eta Korrika Batzordea hasi da dagoeneko beroketa lanetan. Aurten, AEK eta Natul euskara taldearen artean koordinatu dute Korrika Batzordea, baina herriko eragile ugarik parte hartu du antolaketan. Sanagustin kulturguneak, Lagun Onak Mendi Bazkunak, Jauzika elkarteak, Haujijijai festa batzordeak, herriko pailazo taldeak edota eskolek lagundu dute Korrika Kulturala prestatzen, besteak beste. Batzordeak eragileen "inplikazioa eta lanerako grina" nabarmendu du: "Beti esan ohi dugu euskara guztion altxorra dela, horregatik dagokigu guztioi hura zaintzea". Horrez gain, Korrika iritsi bitartean "batzordeetan paret hartzera edo ekarpenak egitera" gonbidatu dituzte herritarrak.

Korrika Kulturalaren baitan egitasmo ugari antolatu dute datozen asteetarako. Batzordekoek azaldu dutenez, "zenbait xehetasun lotu gabe" dituzte oraindik. Honakoa da Azpeitiko Korrika Kulturaleko agenda:

Otsailak 13, ostirala. Fausto herritar eredugarri antzezlana, Soreasu antzokian, 21:30ean hasita. Sarrerak salgai daude dagoeneko Sanagustin kulturgunean.
 
Otsailak 14, zapatua. Mus txapelketa Sanagustin kulturgunean, 15:30ean. Izena egunean bertan eman daiteke, 14:30etik aurrera, eta 12 euro balio du.
 
Martxoak 15, igandea. Xoxotera igoera. Azkoititik, Azpeititik eta Zestoatik irtenda izango da igoera, tokian tokiko mendi taldeekin. Gero, denentzat salda jarriko dite tontorrean.
 
Martxoak 22, igandea. Erromeria eta herri bazkaria Sanagustin kulturgunean.
 
Martxoak 23, astelehena. Korrika Txikia eta herriko pailazo gazteen emanaldia plazan.
 
Zehaztu gabe. Software-a euskaratzeko saio praktikoa, Sanagustin kulturgunean.

Esaera zahar-berriak

Bestalde, Esaera zahar-berrien lehiaketa jarriko dute martxan datorren astetik aurrera. "Gaur egungo usadioetara egokituta herriko esaerak sortzea da lehiaketaren helburua, esaera zaharrei berriak gehitzeko. Horretarako modu asko daude, esarea zahar baten hasiera hartu eta amaiera berri bat iradokitzea edo esarea guztiz berri bat sortzea, adibidez", azaldu dute.
 
Proposamenak natul.euskeraz@gmail.com helbidera bidali behar dira, egilearen izen-abizenak eta telefonoarekin batera. Astean zehar herriko zenbait tabernatan ere kutxak jarriko dituzte, nahi duenak hara orriak bota ditzan.