Gaur egingo dituzte sansebastianetako lehen entseguak

Uztarria.eus 2015ko urt. 13a, 10:45

Haurrek nahiz helduen danborradako hiruna entsegu egingo dituzte datozen egunetan. Gaur, asteartea, izango dira aurrenak; 16:00etan umeen danborradakoa eta 21:00etan helduena. Biak ala biak Izarraitz pilotalekuan izango dira.

Sansebastianak ate joka direla eta, gaur, asteartea, hasiko dituzte haurrek eta gaztetxoek nahiz helduen danborradako entseguak. Aste honetan, guztira, hiruna entsegu egingo dituzte: gaur, bihar eta etzi. Haurren danborradako entseguak 16:00etan izango dira, eta helduenak, berriz, 21:00etan. Entsegu guztiak Izarraitz pilotalekuan egingo dituzte.

Aurten abesti berri bat joko dute helduen danborradan. Izan ere, Azpeitiko Gure Esku Dago dinamikak proposatu zuen San Sebastian bezperako helduen danborradan Gure Esku Dagoren abestia jotzea. Bai danbor taldeek (gehiengo zabalak) eta bai Udaleko ordezkariek (aho-batez, Bildu, EAJ eta Hamakaibaten babesarekin) bat egin zuten dinamikaren proposamenarekin, eta helduen danborradan Gure Esku Dagoren abestia joko dute, plazan. Beraz, abesti hori ere entseatuko dute datozen egunetako helduen entseguetan.