Bihar bukatuko da 'Kooperatuz' ekimenerako kartelak aurkezteko epea

Uztarria.eus 2015ko urt. 8a, 12:31

XJ Auzolaneanek, Gaztetxeak eta Gazteria sailak antolatu dute kartel lehiaketa. Urtarrilaren 13an jakinaraziko dute kartel irabazlea zein den. "Kooperazio esperientzia errealak eta egingarriak gazteengana gerturatzeko egitasmoa" da 'Kooperatuz', sustatzaileen arabera.

Bihar, ostirala, bukatuko da Kooperatuz ekimena iragartzeko antolatu duten lehiaketara kartelak aurkezteko epea. Interesa dutenek, kartela egin eta gib@azpeitia.eus helbidera bidali beharko dute. Kartela A3 formatuan bidali beharko da, eta mezuan egilearen datuak eta kontakturako telefono zenbakia idatzi behar dira.

Urtarrilaren 13an jakinaraziko dute kartel irabazlea, eta egileak herriko dendetan gastatzeko 80 euroko txartela eskuratuko du. Epaimahaia XJ Auzolaneaneko eta Gaztetxeko bina kidek eta Gazteria teknikariak zein Gazte Informazio Bulegoko kide batek osatuko dute.

Kooperatuz "kooperazio esperientzia errealak eta egingarriak gazteengana gerturatzeko egitasmoa" dela azaldu dute ekimenaren sustatzaileek. Horrenbestez, 2015eko urtarrilean hasiko dituzte Kooperatuz egitasmoko saioak. Uda bitartean, sei-zazpi solasaldi egingo dituzte, eta hileko azken asteazkenean izango dira, 19:00etan hasita.