'Kooperatuz', kooperazio esperientziak gazteengana gerturatzeko egitasmoa

Uztarria.eus 2014ko abe. 23a, 10:50
Kooperatuz egitasmoaren aurkezpena, Sanjuandegin.

2015eko urtarrilean hasiko dituzte Kooperatuz egitasmoko saioak. Uda bitartean, sei-zazpi solasaldi egingo dituzte, eta hileko azken asteazkenean izango dira, 19:00etan hasita. Azpeitiko Gaztetxeak, XJ Auzolanean eta Gazte Informazio Bulegoak elkarlanean abiatu dute egitasmoa. Urtarrilaren 9a bitartean egitasmoaren kartela aukeratzeko lehiaketa jarri dute martxan.

Joan den zapatuan Sanjuandegin egin zen Azoka Herritiken baitan aurkeztu zuten Kooperatuz, "kooperazio esperientzia errealak eta egingarriak gazteengana gerturatzeko egitasmoa". Azpeitiko Gaztetxeak, XJ Auzolanean eta Gazte Informazio Bulegoak elkarlanean abiatu dute egitasmoa, eta "herriko gazteek kooperazioaren munduan izan dituzten esperientziak elkarbanatzea eta gazteak elkartasunaren eta garapeneko lankidetzara gerturatzea ditu helburu".

Horrenbestez, 2015eko urtarrilean hasiko dituzte Kooperatuz egitasmoko saioak. Uda bitartean, sei-zazpi solasaldi egingo dituzte, eta hileko azken asteazkenean izango dira, 19:00etan hasita. Toki desberdinetan izango dira hitzaldiak. Hala nola, Gaztetxean, Gaztelekuan edo Sanjuandegiko auzo-lokalean. Ekimenaren sustatzaileek adierazi dutenez, "saio batzuk lotuta dauzkagu jada, baina beste batzuk ez, eta norbaitek bere esperientzia kontatu nahi balu gurekin harremanetan jarri besterik ez du".

Emanaldiak adin eta genero "ezberdineko" gazteei zuzendutakoak izango dira, eta kooperazioaren inguruko "esperientzia txikiek nahiz handiek, denek, izango dute lekua". Antolatzaileek jakinarazi dutenez, "herrialdeen garapenerako lankidetzara bideratutako esperientziei emango zaie protagonismo handiena, baina naturaren kontserbazioan edo bestelako gaietan egindako kooperazio esperientziei daukaten garrantzia kendu gabe".

Kartel lehiaketa

Kooperatuz ekimena abian jartzeko, kartel lehiaketa antolatu dute lehenengo. Hilabeteko epea zabaldu dute Kooperatuz egitasmoaren kartela izango dena aukeratzeko. Hala, interesa dutenek, kartela egin eta gib@azpeitia.eus helbidera bidali beharko dute, urtarrilaren 9a baino lehen. Kartela A3 formatuan bidali beharko da, eta mezuan egilearen datuak eta kontakturako telefono zenbakia idatzi behar dira.

Urtarrilaren 13an jakinaraziko dute kartel irabazlea, eta egileak herriko dendetan gastatzeko 80 euroko txartela eskuratuko du.