Larrañagak irabazi du Otañoren aurkako aizkora apustua, enbor bateko aldearekin

Uztarria.eus 2014ko abe. 1a, 13:10
Mikel Larrañaga, apustua amaitu ostean.

Erronkarako zehaztuta zuten 60 ontzako abantailaz gain, kana-erdiko bateko aldea atera dio azpeitiarrak beizamarrari. Hiru minutu eta 48 segundo lehenago amaitu ditu lanak irabazleak.

Mikel Larrañagak irabazi du Eneko Otañoren aurka jokatutako aizkora erronka. Zapatuan Izarraitz pilotalekuan eginiko proban, azpeitiarrak enbor bateko aldea atera zion beizamarrari, eta hiru minutu eta 48 segundo gutxiago behar izan zituen lanak amaitzeko. Izan ere, bi kirolariek adostuta, Larrañagak 16 enbor ebaki behar zituen: hamar kana-erdiko eta sei 60 ontzako. Bestalde, 15 enbor moztea zen Otañoren egitekoa: 10 kana-erdiko eta bost 60 ontzako. Haiek horrela hitzartuta, lanak azkarren amaitzen zituen aizkolariak irabaziko zuen apustua. Beraz, Larrañagak lehendik zehaztuta zuten 60 ontzako enborraz gain, kana-erdiko bat atera zion Otañori. Orotara, 45 minutu eta 50 segundo behar izan zituen Larrañagak lanak amaitzeko; 49 minutu eta 38 segundo, berriz, Otañok.

Bi aizkolariek gogor ekin zioten apustuari, baina hasieratik hasi zen Larrañaga, apurka-apurka, abantaila hartzen. Horrenbestez, lan erdiak amaitzerako, azpeitiarrak kitatua zuen Otañori hasieratik emandako abantaila. Handik aurrera, lanak errazagoak izan ziren azpeitiarrarentzat, eta beizamarrari, berriz, sufritzea tokatu zitzaion. Laguntzaileei dagokienez, Zendoia eta Ugarteburu izan zituen ondoan Larrañagak, eta Nazabal eta Jauregi Otañok. 

Honakoak dira denborak, enborrez enbor:

Mikel Larrañaga: 1:47, 3:54, 6:38, 9:26, 12:31, 15:02, 17:29, 20:00, 22:58, 25:36, 29:19, 32:45, 36:13, 39:29, 42:42 eta 45:50.

Eneko Otaño: 1:51, 4:00, 6:22, 9:33, 12:12, 15:56, 19:36, 23:25, 27:31, 31:27, 34:49, 38:44, 42:15, 45:38 eta 49:38.

Zale ugari bildu ziren Izarraitz pilotalekuan, eta bi kirolariak animatu zituzten 700 herritarrek eta bisitarik. Harmailetan herri kiroletako pertsona ezagunak ere ikusi ziren zapatuan, besteak beste, Olasagasti edo Goenatxo.

Urte borobila Larrañagarentzat

Mikel Larrañagarentzat denboraldi bikaina izan da aurtengoa. Zapatuko apustua irabazteaz gain, Gipuzkoako Lehen Mailako txapela eskuratu zuen udan, eta Euskal Herriko Bigarren Mailako Aizkora Txapelketako finalean ere gailendu zen. Beraz, Euskal Herriko Lehen Mailan lehiatuko da Larrañaga 2015ean.

Emaitzei begira, Larrañagak azaldu du "oso gustura" dagoela, eta "atseden hartzeko unea" iritsi zaiola, urtarrilean berriro lehiari ekiteko. Apustuari dagokionez, aizkolariak dio "eroso" ibili zela lanean, eta animoek "indarra eman" ziotela gogoz lan egiteko.