Alaitz Olaizola: "Kolorez betetako momentua bizi nahi baduzue, etorri gure antzezlana ikustera"

Uztarria.eus 2014ko mai. 23a, 14:03
Emakumeen Antzerki Tailerreko zenbait kide, entseguan. (Alaitz Olaizola)

Emakumeen Antzerki Tailerreko zuzendaria da Alaitz Olaizola (Azpeitia, 1975), baina berak nahiago du taldeko "zirikatzailea" dela esatea. Asko irakatsi diote antzerkiak eta antzezleek, eta "denerako irekia" sentitzen da: "emateko eta jasotzeko". Gaur, ostirala, aurkeztuko dute Orekaren desoreka lana Sanagustinen, 19:00etan.

Gaur aurkeztuko duzue ikasturtean zehar landutako obra. Zer antzezlan mota da Orekaren Desoreka?

Zail samarra da obra argi definitzea. Gure obran, bizitzeko aukera emango zaie pertsonaia batzuei; besteei, ez. Antzerkian ikusiko da nola jokatuko duten egoeraren aurrean bizitzeko eskubidea duten pertsonek eta aukera hori ez daukatenek. Horrela, gizakiaren barrura sartuko gara: kezkak eta galderak ezagutuko ditugu. Agian, obra ikusten ari direnek ere pentsatuko dute: "Zer egingo ote nuke nik egoera horren aurrean?".  Abiapuntua zientzia-fikziozkoa da, eta ordubete inguruan islatuko dira pertsonaien bizitzako azken hogeita lau orduak. Hortik dator Orekaren desoreka izena: orekan bizi gara, baina halako batean oreka hori desorekatu egiten da. Zer egin behar dugu horren aurrean?

Zuen helburua begira daudenei pentsaraztea da?

Gure helburua, hasieran, geure buruak pentsatzen jartzea zen. Elkarrekin hitz egiten dugu, galderak partekatzen ditugu eta galdera horiek islatzen ditugu oholtzaren gainean. Gure xede nagusia ondo pasatzea da, baina herritarrengana iristea lortzen badugu, hobeto. Uste dugu batek baino gehiagok bat egingo duela gure kezkekin.

Taldeak sortutako obra da?

Ideiak guztion artean proposatzen ditugu. Lehen hilean "ideien zaparrada" deritzon teknika erabiltzen dugu gaiak eta azpi-gaiak ateratzeko. Behin ideia edo zirriborro bat osatzen dugunean, nire lana dator. Hilabete inguruan obra idazten dut nik. Ondoren hasten gara entseguak egiten.

Noiz hasi zineten lana prestatzen?

Abendu hasieran hasi ginen ideiak botatzen, nolabaiteko proposamena eratzen, eta martxorako prestatu nuen gidoia. Gidoia amaitu aurretik hasi ginen lanean: pertsonaien rola barneratzen, testua ikasten, entseatzen… Horrela, nik idazten jarraitzen dudan bitartean, antzezleek ikasi egiten dute. Denbora gutxian lan asko egin behar izaten dugu.

Noiz entseatzen duzue?

Ostiraletan gelditzen gara 15:00etatik 17:00etara. Hala ere, azken egunetan, ia egunero bildu gara, obra ongi prestatzeko. Kontuan izan behar dugu antzezle guztiak langileak direla, ez dutela antzerki tailerrarentzat egiten lan; orduan, ahal bezala moldatzen gara.

Paperak norberaren interesen arabera banatzen dituzue?

Bai, hala izan ohi da, oro har. Guztiok moldatzen gara egoerara, eta egoera horretatik abiatuta, lana banatzen dugu. Kontuan hartzen ditugu beti kideen gustuak, beharrak edo gaitasuna. Gehienetan, moldatzen gara paperak nahierara banatzeko.

Zer ekarpen egin diezaioke antzerki taldeak herriari?

Azpeitia oso herri antzerkizalea da; bai ikusle bezala, baita antzezle bezala ere. Guk eskaintzen diogu herriari antzerkiaz gozatzeko eta hura maitatzeko aukera. Herritarrei, berriz, taldearen parte izatea, eta antzezten ondo pasatzea eskaini diezaiekegu.

Eta tailerreko antzezleek zer aurkitu dute taldean?

Antzezle bakoitza mundu bat da; eta, nire iritziz, bakoitzari ekarpen desberdina egiten dio taldeak. Batzuek euskaraz irakurtzen eta komunikatzen ikasi dute, beste batzuek lotsak gainditu dituzte, besteek herrian bertan aurkitu dute antzerkia egiteko aukera… denetik dago. Gure artean sortzen den giroa ere aberasgarria da denontzat: gure konfiantza, ardurak, kezkak eta arazoak partekatzen ditugu. Hamaika urte daramatzat tailer hauek zuzentzen, eta niretzat oso esperientzia positiboa da: antzerkiari buruz asko ari naiz ikasten, baina baita giza-harremanei buruz ere. Talde lanaren eraginez, garapen pertsonala lortzen duzu tailerrean, oso ona da guztiontzat.

Zer berezitasun du tailerrean emakumeak soilik egoteak?

Iruditzen zait gauza asko konpartitzen ditugula emakumeak izateagatik. Sortu dugun harremana berezia da, kezka antzekoak ditugu. Gure artean kode berezia daukagu, eta oso esperientzia polita izaten ari da norbera eta albokoak ezagutzeko. Modu sinplean esanda, elkarrenganako gertutasuna sentitzen dugu. Gizonekin lan egingo bagenu, agian, desberdina izango litzateke dinamika, ez txarragoa, ez hobea: desberdina. Emakumeak soilik egoteak ahalbidetzen du emakumeen kezketan oinarritutako obrak sortzea.

Antzerki taldea ez ezik, lagun taldea ere bazarete?

Bai, hala da. Gauza asko konpartitu ditugu eta maitasuna sortu da. Ordu asko pasatzen ditugu batera, eta guztiok helburu berarekin egiten dugu lan. Komunitatea bezala gara: albokoa ezin iritsita badabil, denen akatsa eta arazoa da. Badakigu elkarri lagundu behar diogula.

Adin desberdinetako pertsonak zaudete antzerki tailerrean. Belaunaldien arteko lotura ere bada tailerra?

Jakina. Joan den urtean oholtza berean egon ziren 78 urteko emakumea eta 19 urtekoa. Haiez gain, gainera, hamarkada guztietako emakumeak zeuden: denetik dago antzerki tailerrean. Hori oso ona da, izaera eta gaitasun bereizgarriak baitituzte adin-tarte bakoitzeko pertsonek: batzuk jakintza ematen dute, besteek energia eta ekintzailetasuna. Bestalde, oso interesgarria da, emakume bezala, beste adin batzuetako pertsonen kezkak ezagutzea. Elkar ezagutzen ari gara, eta elkarrekin bizitzen ikasten dugu. Inongo plangintzarik gabe sortu den lotura izan da, hori da polita eta esanguratsua.

Datorren ikasturteari begira, nork eman dezake izena Emakumeen Antzerki Tailerrean?

17-18 urtetik gorako edozein emakumek eman dezake izena, Emakume Txokoan edo Udaleko Parekidetasun sailean. Antzerkia egin, ondo pasa eta jende berria ezagutu nahi duen ororentzat irekia dago antzerki tailerra.

Zergatik joan behar dute gaur herritarrek Orekaren desoreka ikustera?

Orain arte etorri direnak eta ondo pasa dutenak, gaur ere etor daitezela, ez diegu huts egingo. Kolorez betetako momentua bizi nahi baduzue, herritarrak oholtza gainean ikusiz, etorri gure antzezlana ikustera; asko eskertuko dugu, beti eskertu izan dugun bezala. Guk ahalegina egingo dugu, baina publikoaren beharra dugu, haiek gabe ez dago funtziorik.