Duintasun eske, duintasunez

Uztarria.eus 2013ko aza. 9a, 21:14

Eragile eta herritar askok egin zuten bat Azpeitian bizi eta lan, duintasuna herritarrontzat manifestuarekin eta manifestaziorako deiarekin, eta ehundaka izan dira gaur, azaroak 9, aldarrikapen horrekin kalera atera diren azpeitiarrak. Lana dutenak eta langabetuak, erretiratuak, ikasleak... denetariko jendeak egin du plaza Nagusian abiatu eta Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazan bukatu den ibilbidea, bestelako eredu sozial eta ekonomiko baten beharra ahotan eta gogoan.

Zazpiak hogei gutxi aldera hasi da manifestazioa (goiko bideoan, hasierako irudiak) eta zazpiak eta laurdenean txalo artean bukatu da ekimena. Ibilbide osoa euripean egin dute manifestariek, manifestazioa abiatzearekin bat hasi den zaparradaren pean, baina horrek ez ditu kikildu. Duintasuna duintasunez aldarrikatu dute, baita txilibitu hotsekin era hainbat oihurekin ere: lanaren eta aberastasunaren banaketa eskatuz, banketxeen eta murrizketen kontra... Manifestazioaren hasierako pankartaz gain beste batzuk ere ikusi dira, murrizketen kontrakoa edota Grumal eta Corrugados lantegietako egoeraren bueltakoak. Ibilbidean zehar puri-purian dauden gai sozial eta ekonomikoei kritika eginez performance-ak ere egin dituzte: banketxeen 'sokak' etetea aldarrikatuz, Goikokalen; osasungintza publikoaren aldekoa, anbulatorio atarian; eta hezkuntza publikoaren 'hileta' irudikatuz, barianteko biribilgunean.

"Geure horma eraiki beharra"

Sanjuandegin irakurri duten manifestuarekin eta, ondoren, aldarrikapen nagusiaren baitako aldarrikapen zehatzak irudikatuz hainbat herritarrek osatu duten azken performance-arekin bukatu da azaroaren 9ko aldarrikapen ekintza. "Azpeitiarron duin bizitzeko eskubidea oztopatzen diguten harriz osatutako horma" irudikatuta zegoen Jose Antonio Agirre plazako kioskoan: aberatsen justizia, LOMCE, prekarietatea, osasungintzaren pribatizazioa, eredu zapaltzailea... Horma horretako harri bakoitzari buelta emanez horma berria osatu dute, "Geure horma eraiki beharra" aldarrikatu dute bukaeran irakurri duten manifestuan, "eskubide eta duintasunean oinarritutako pareta finkoa, sendoa, irauliezina".

Hau da, osorik, manifestazioaren bukaeran irakurri duten testua:

"Ezer baino lehen eskerrak eman nahi dizkizuegu mobilizazio honekin bat egin duzuen Azpeitiko eragile eta herritarrei, baita gaur hona bertaratu zareten guztiei ere.

Egoera larria da, ezberdintasun sozialak gero eta handiagoak dira, baina gehiengoaren galera eta gutxiengoaren aberastea baino ez dakarren sistema ekonomiko honen arduradunek berean jarraitzen dute. Beraz, herritarrak batu eta egiten ari direnarekin ez gaudela ados ozen esatea beharrezkoa izango da. Beharrezkoa izan da gaur arte, eta beharrezkoa izango da etorkizunean ere.

Mobilizazioak alferrik direla esanez tematuak dabiltza batzuk, herritarrak isilik eta belauniko nahi gaituzten horiek hain zuzen. Baina aldaketak kalean hasten dira. Historiari begiratu bat eman besterik ez dago herritarren eskubideak non irabazi diren ikusteko. Kaleak hutsik gelditzea litzateke gaur gaurkoz kapitalismoaren garaipenik handiena. Baina hori ez da gertatuko. Kalean gaude, eta kalean jarraituko dugu.

Une zail hauetan egoera larrienean dauden herritarrei gure elkartasuna eta berotasuna azaldu nahi diegu. Etxetik bota duten herritarra, pentsiorik gabe utzi duten jubilatua, kredituari aurre egin ezin dion gaztea, inolako diru sarrerarik ez duen etxekoandrea, beharturik lan bila kanpora doan ikaslea, hondakinen artean janari bila dabilen umea... Gehiegitan, isilean pasatzen diren egoera hauek bizi dugun tragediaren erakusle argiena dira.

Komunikabide handiek zenbaki eta datuekin esplikatu ohi digute errealitatea. Hainbeste langabetu, hainbeste desjabetza, hainbesteko pobrezia tasa... Baina gu ez gara zenbakiak, pertsonak gara. Eta pertsonen mina nekez neurtuko da grafikoen, tasen eta indizeen bidez. Herritarren bizitzez ari gara hitz egiten, norbere proiektuez, gaurko ilusioez eta biharko ametsez. Guzti hau da ukatu nahi digutena. Eta ezin diegu utzi hori egiten.

Gutxi batzuen pribilegioak mantentze aldera datoz murrizketarik basatienak: osasungintzan, hezkuntzan, politika sozialetan, kulturgintzan eta abar. Oinarrizko eskubideak lurperatu nahi dituzte, denoi dagozkigunak, pertsonak duintasunez bizirauteko beharrezkoak dituenak.

Herritarrak beharrezkoak gaituzte eredu hau mantentzeko. Baina eredu hau herritarrok sustengatzen dugun hein berean, herritarron esku dago bestelako eredu bat eraikitzea.

Honekin batera, herritarrok ordezkatzen gaituzten erakunde nagusietatik bestelako jarrerak espero ditugu. Eguneroko erabakietan ardurak dituzten erakunde publiko guztiei deia luzatu nahi diegu herritarren beharrak lehenetsiko dituen eta banketxe nahiz enpresari handiei men egingo ez dieten erabaki argiak hartzera. Antolatu dezatela ekonomia herritarren beharren eta eskubideen neurrira, eta ez banku handien nahien eta Europatik datozkien aginduen arabera.

Bide honetan, Euskal Herri mailan abian den Gutun Soziala osatzeko ekimenak garrantzia berezia hartuko du datozen hilabeteotan. Denon parte-hartzearekin eta ekarpenekin, justua eta solidarioa izango den herri baten oinarriak marraztea eta indarrak batzea izango da bere xedea. Azpeitian ere laster abiatuko dugu eztabaida hau. Hemendik, denok gonbidatu nahi zaituztegu jarrera aktibo batekin bertan parte hartzera.

Hemen ondoan, azpeitiarron duin bizitzeko eskubidea oztopatzen diguten harriz osatutako horma irudikatu nahi izan dugu, herritar bezala etxe guztietara iritsi zaizkigun zama ezberdinez osatutakoa. Horma honek etorkizun justu bat izateko bidea oztopatzen digu, gazte bezala, jubilatu bezala, langile bezala, emakume bezala eta abar. Elkartasunez eta borrokaz geure horma eraiki beharra dugu, eskubide eta duintasunean oinarritutako pareta finkoa, sendoa, irauliezina... Bakoitzak bere harria izan arren, guztioi dagokigu horma berri hori eraikitzea, elkartasunez, mobilizazioaz eta alternatibak eraikiz, beste eredu baten aldeko oinarriak finkatzeko.

Denon lana beharrezkoa izango da herri hau beste egoera batetara eramateko. Herritarrak batuz, elkarrekin, lanean jarraitzea baino ez zaigu gelditzen. Mila esker denoi eta asteburu on!".