Herritar eta eragile ugarik eman dio babesa biharko manifestazioari

Uztarria.eus 2013ko aza. 8a, 10:38

Adin guztietako herritarrek parte hartu ahal izateko ibilbide motzagoa izango du Azpeitian bizi eta lan, duintasuna herritarrentzat manifestazioak. 18:30ean hasiko da, plazatik.

Elkar-ekin taldearen ekimenez, bihar, zapatua, Azpeitian bizi eta lan, duintasuna herritarrentzat lelopean manifestazioa egingo da, 18:30ean, plazatik abiatuta. Mobilizaziorako deia hainbat arlotan lanean ari diren herritarrek egin zuten urriaren hasieran, eta ordutik hainbat eta hainbat eragilek eta herritarrek egin dute bat biharko mobilizazioarekin: zenbait erretiratuk eta gazte mugimendukoek, kirolariek, sindikatuek, merkataritzako eta gazteria elkarteek, hainbat enpresatako langileek eta enpresa batzordeek, ikasleek, eta abar. 

Herritarren elkarlanetik, Azpeitiaren egoera zailari aurre egiteko "bide berriak" jorratu daitezkeela uste dute manifestuarekin bat egin dutenek. "Arazoa kolektiboa da, eta soluzioak ere kolektiboa behar du izan". 

Elkarlanaren balioa aldarrikatuko dute biharko mobilizazioan. "Bizi dugun egoera iraultzeko oinarrizkoa dela uste dugu. Herri mailan alternatiba berriak eta solidarioak eraikitzea garrantzitsua dela uste dugu. Eta honekin batera, herritarren artean hain orokortua dagoen kezka kalean erakusteko beharra ere handia da".

Manifestazioaren ibilbidea

Biharko manifestazioaren ibilbidea ez da ohikoa izango. Adin guztietako herritarrek parte hartu ahal izateko ibilbide laburragoa egingo dute, 18:30ean herriko plazan hasi eta Sanjuandegin bukatuko dute. Ibilbidea hau da: herriko plazatik irten, Jose Artetxe eta Pablo VI. auzoetatik Sanjuandegiko biribilgunera, handik igerileku aurretik Urbitartera eta handik Jose Antonio Agirre plazara.

Manifestazioaren ondorengorako Elkar-ekinek kontzertua antolatu du. 23:00etan izango da, Sanagustin kulturgunean. Malder eta Lin ton taun taldeek joko dute.