Jon Ibarguren eta Idoia Besada bigarren, Donostiako Dantza Suelto Txapelketan

Uztarria.eus 2013ko ira. 2a, 13:34

Atzo, igandea, jokatu zen Dantza Sueltoko Txapelketa, Donostian. Hirugarren saria ere azpeitiar bikote batek irabazi zuen: Maialen Aldalurrek eta Amets Amubietak.

Iazko garaile Jon Ibargurenek (Azpeitia) eta Idoia Besadak (Pasaia) ezin izan zuten atzo, igandea, Donostiako Dantza Sueltoko Txapelketa irabazi. Hamar bikotek (iaz erdiek) hartu zuten parte atzo txapelketan, eta Lander Camposek (Santurtzi) eta Haizea Hormaetxeak (Leioa) osatutako bikotea nagusitu zen. Ibarguren eta Besada bigarren izan ziren, eta jantzi onenaren saria ere beraiek eskuratu zuten.

Bigarren postuagatik 325 euroko diru-saria, eta oroigarria jaso zituzten. Janzkera onenaren sariagatik, berriz, oroigarria eta 100 euro. Hirugarren saria ere Azpeitiko bikote batek eskuratu zuen: Maialen Aldalurrek eta Amets Amubietak. Iaz ere hirugarren izan ziren azpeitiarrak, eta lortutako postuagatik 275 euro irabazi zituzten.

Dantza Suelto Eskola. Sorrera: 1995. / Luis Alberdi hasi zen euskal dantzak irakasten Azpeitian. Urtero ehunen bat ikasle izaten ditu eskolak. Txapelketatan lorpen esanguratsuak izaten dituzte. / Informazio gehiago: azpeitikokulturmahaia.com/taldeak