Jesus Ruiz de Argandoñak eta sagardozaleek hartuko dute parte saninazioetako txupinazoan

Uztarria.eus 2013ko uzt. 12a, 13:15
Iazko txupinazoa Marea Arroxak bota zuen.

Marea Arroxako kideak eta Udal ordezkariak ere izango dira txupinazoan. Festekin lotutako hainbat ekitaldirengatik egingako lana eskertu nahi izan zaie Jesus Ruiz de Argandoña Keuttini eta sagardozaleei. 

Aurtengo saninazioei hasiera emango dien txupinazoan hartuko dute parte Jesus Ruiz de Argandoña Keuttin Ilunpe Pelota Elkarteko kideak eta Juanito Lazkano, Jabier Garate eta Jose Luis Goenaga Santiotako Sagardo Txapelketaren sortzaileek, Marea Arroxa eta Udal ordezkari politikoekin batera. Mikel Ibarzabal Festa zinegotziak azaldu duenez, "festetako hainbat ekitaldirekin izan duten loturagatik, haiek egindako lana eskertu" nahi izan dute. Urtero bezala, hilaren 30ean, San Inazio bezperan, 12:00etan botako dute txupinazoa udaletxeko balkoitik. 

Santio Egunean utziko du Jesus Ruiz de Argandoñak frontoi lana, hogeitamar urte inguru herrian pilota sustatzeko lanetan ibili ondoren. Uztarria aldizkariari ekaineko alean azaldu zionez, iritsi zaio frontoiko arduretatik erretiratzeko garaia, hiru amarkada luzez Ilunpe Pilota Elkartean mutikoekin pilota-erakustaile lanetan aritu ondoren. 

Urtero bezala, Santio egunean egingo da Azpeitiko Sagardo Txapelketa, eta aurtengoa 41.a izango da. Juanito Lazkano, Jabier Garate eta Jose Luis Goenaga txapelketa lehenengoz antolatu zuten hiru herritar dira, eta hirurak izango dira San Inazioei hasiera emateko ekitaldian. Txapelketaren antolazaileek azaldu dute Euskal Herriko sagardo lehiaketa zaharrena dela azpeitikoa: "Sagardozale Elkartetik eta inguruetatik jasotako datuen arabera, hainbeste urtean etenik gabe egin den txapelketarik ez dago Euskal Herrian. Lehenago hasitako batzuk egongo ziren, baina bidean gelditu dira asko". 

Aurreko urtean Marea Arroxak bota zuen txupinazoa. 2012ko festetako berrikuntza nagusia festetarako egin zuten abestia izan zen.