Marea Arroxak botako du saninazioetako txupinazoa

Uztarria.eus 2012ko uzt. 19a, 14:23

Aurtengo saninazioek izango dute berrikuntzarik. Nabarmenenetakoa da festetarako egin duten abestia. Txupinazoaren ostean joko dute Udal Musika Bandak eta Skandalue elektrotxarangak aurreneko aldiz.

Aurtengo saninazioei hasiera emango dien suziria Marea Arroxak botako du. Hilaren 30ean, San Inazio bezperan, 12:00etan botako dute suziria udaletxeko balkoitik. Azpeitiko Udalak atera duen eta etxez etxe banatzen ari diren saninazioetako programan jartzen duenez, "Marea Arroxak duen garrantzia nabarmendu nahi genuke. Errekonozimendu berezia egin nahi diogu, elkarlanaren emaitzak bikainak izan daitezkeela argi eta garbi erakusten dutelako. Azpeitiko festak herrikoitzeko, euskalduntzeko, parte-hartzaileagoak izateko lana ordainezina da".

Behin festei hasiera emateko txupinazoa botata, abuztuaren 2ra arte izango da jai giroa herrian.

Saninazioetako abestia

Aurtengo saninazioek izango dute berrikuntzarik. Nabarmenenetakoa da saninazioetarako Felipe Murillok eta Unai Frantzesenak egin duten abestia. Txupinazoaren ostean joko dute jendaurrean aurreneko aldiz, Udal Musika Bandak eta Skandalue elektrotxarangak.

Aurretik, aste bukaera honetan, entzungai izango da herriko tarbenetan. Frantzesenak adierazi duenez, "asmoa da astebururako nahasketa batzuk egin eta tabernetan jartzea. Ez da, ordea, behin betiko nahasketa izango. Astearterako-edo nahasketa guztiak eginda, bukatuta izatea espero dugu".

Hemen abestiaren letra:

Hiru egun,

hiru gau

baina zer da hau!

Denok batera

kantu eta dantza

bete da enparantza.

 

Nahikoa janda

pixkat edanda

egin dugu eztanda

a ze parranda!

 

Aurrera herria

festetan goza

hemen da eta

marea arroxa (bis).

 

Hiru egun

hiru gau

baina zer da hau

lertu da poza

gaua ta goiza

nahi ditugu goza.

 

Nahikoa janda

pixkat edanda

egin dugu eztanda

a ze parranda!

 

Heldu eta gazte

emakume gizon

txikiak handiak

zaharrak eta berriak

denok dantzara

mugituz gerriak.

 

Aurrera herria

festetan goza

hemen da eta

marea arroxa (bis).