Gallardo Taldeari utzitako bost milioi euroak itzularaztea eskatu dio Diputazioak Jaurlaritzari

Uztarria.eus 2013ko uzt. 9a, 16:42

Jon Peli Uriguen Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo diputatuak esan du, "Gallardo Taldeak ez dituela bete mailegua emateko ezarritako baldintzak".

Gallardo Taldeari Corrugados Azpeitia mantentzeko emandako bost milioi euroak lehenbailehen itzularaztea eskatzeko esan dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari. Jon Peli Uriguen Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismoko diputatuak esan duenez, "Gallardori 5 milioiko mailegu partaidetua Ekarpen industria-partaidetzen fondotik eman zitzaion, eta Ekarpen sozietatean Eusko Jaurlaritzak, EAEko hiru aldundiek eta Kutxabankek hartzen dute parte".

Jon Peli Uriguenek Eusko Jaurlaritzako Industria Garatzeko zuzendari Alejandro Lopez Carcamori gutun bat bidali dio"bost milioi horiek fabrikaren jarduera eta enplegu maila jakin bat mantentzeko baldintzarekin eman zitzaizkiola taldeari gogoraraziz". Gallardo Taldeak Azpeitiko enpresarako iraungipeneko Lana Erregulatzeko Txostena (LET) aurkezteak "nabarian uzten du enpresa horrek ez dituela bete mailegua emateko ezarri ziren baldintzak eta, beraz, bidezkoa da dirua itzul dezala eskatzea Badajozeko taldeari", esan du Uriguenek.

Horrez gain, diputatuak azaldu du Gallardo Taldeak Azpeitiko plantaren jarduera mantentzeko euskal erakundeek egindako deiei ez diela erantzun: "Gipuzkoako Aldundiak Hego Amerikan lortu zuen 150.000 tonako lan karga ere ez zuen aintzat hartu".