Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gallardo Taldeak jarraipen batzordea osatu dute

Uztarria.eus 2012ko urt. 24a, 13:01

Bideragarritasun plana aztertzeko eta 2016ra bitartean, enpresan jarraituko duten 320 langileei lana bermatzeko osatu dute batzordea

Joan den urtarrilaren 11n Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak Azpeitiko Corrugados enpresak aurkeztutako Lana Erregulatzeko Espedientea onartu zuen, nahiz eta enpresaren eskaera ez zuen bere osotasunean onartu

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Gallardo Taldeak jarraipen batzordea osatu dute, bideragarritasun plana aztertzeko eta 2016ra bitartean, enpresan jarraituko duten 320 langileei Lana Erregulatzeko Espedienterik ez aplikatzeko zein horiek ez kaleratzeko.

Joan den urtarrilaren 11n Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak Azpeitiko Corrugados enpresak aurkeztutako Lana Erregulatzeko Espedientea onartu zuen, nahiz eta enpresaren eskaera ez zuen bere osotasunean onartu. Hori dela-eta, Lan Delegaritzak 100 langile kaleratzeko baimena eman zion enpresari, eta gainontzeko langileak (320 langile) 2016ra arte mantentzera behartu ditu.

Gallardo Taldeak eta instituzioek lortutako akordioaren harira osatu dute jarraipen batzordea. Hori dela-eta, Gallardo Taldeak Azpeitiko lantokiak martxan jarraitzea bermatu, eta ekoizpena ere handitu egingo duela jakinarazi du. Azpeitiko lantokiak martxan jarraitu dezan Eusko Jaurlaritzak parte-hartze kredituetan bost milioi euro emango dizkio Gallardo Taldeari.