Trenaren Museoko zuzendariak ELAren salaketari erantzun dio

Urola Kostako Hitza 2013ko mar. 6a, 12:01
Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoa.

Maitane Ostolazak adierazi duenez, "uste dut autonomia izan behar dugula, bertakook bertakookin bildu eta gauzak konpontzeko. Horrelako salaketak egiten hasi aurretik, kontuak konpontzeko bideak badaude".

ELAk Burdinbidearen Euskal Museoko beharginek "laneko tratu txarrak" jasotzen dituztela salatu izanaren harira, hitz egiteko prest agertu da Burdinbidearen Euskal Museoa Fundazioko zuzendari Maitane Ostolaza. Berarekin harremanetan Urola Kostako Hitza jarri da, eta honek adierazi duenez, ez dira museoko langile guztiak salaketa horrekin bat egin dutenak. Baina "beti" hitz egiteko prest egon dela adierazi du zuzendariak berak.

Euskal Burdinbidearen Museoa Fundazioko kide berriak (Fundazioan parte hartze handiena Eusko Jaurlaritzak du) ez dira elkartu azken hilabeteotan, eta bilera astelehenean bertan dute. Fundazioaren arduradunak bildu bitartean "ezer" ezin duela egin adierazi du fundazioaren zuzendariak. "Museoko langileek lan hitzarmen propioa dute, eta eskaerak beti fundazioaren patronatura bideratu ditugu". Ostolazaren arabera, patrono berria elkartu bitartean "ezer ez egiteko agindua" dauka.

Kontuak aurrena barruan tratatu behar direla uste du Ostolazak: "Ni ezagutzen nautenek badakite pertsona irekia naizena. Ni prest nago langileekin biltzeko. Uste dut autonomia izan behar dugula, bertakook bertakookin bildu eta gauzak konpontzeko. Horrelako salaketak egiten hasi aurretik, kontuak konpontzeko bideak badaude". Edozein arazori irtenbidea bilatzeko prest dagoela dio. "Baina patronatuak eman behar dit ahalmena".